Berriak

COVID-19k sortutako osasun alarmari eta kalte ekonomikoei aurre egiteko Ekintza Plana aurkeztu du Udalak

Xabier Lertxundik alkateak, udalean ordezkaritza duten talde politiko guztien bozeramaileekin batera, aurkeztu du gaur Udalak prestatu duen neurri sorta COVID-19ak osasunean zein ekonomian utzi dituen ondorioak samurtzeko asmoz.

2020·05·08


"Alarma egoera honek kinka larrian jarri gaitu: lehenik eta behin, eta garrantzitsuena, gure osasuna arriskuan jarri du, eta, horretaz gain, gure ohiko bizimodua, gure ohiturak, ere goitik behera aldatu ditu", esan du Xabier Lertxundik alkateak. 

"Udalean, krisialdiaren hasieratik etengabe sortzen ari zaizkigun egoera, arazo eta erronka berriei erantzuten saiatzen ari gara. Ezohiko neurriak eta erabakiak etengabe hartzen ari gara, egunez egun aldatzen ari den egoerari ahalik eta erantzun egokiena emateko asmoz. Horiek guztiak plan batean jaso ditugu eta gaur aurkezten ari garen Ekintza Plana osatu dugu", azaldu du. 

Gaur aurkezten ari garen EKINTZA PLANAK bi atal nagusi ditu: 

1. Osasun krisialdian bete-betean egonda hartu ditugun neurriak jasotzen dituen atala: larrialdi hau ahalik eta modurik egokienean kudeatzeko neurriak, alegia.  

2. Konfinamendu arintze fasearen hastapenean gauden honetan, COVID-19a gure jendartean uzten ari den zauria gainditzen lagunduko duten neurriak -kalte ekonomikoak eta zerbitzu publikoetan dauden murrizpenak konpentsatzeko neurriak eta egoera honetatik ateratzen laguntzeko asmoz hartuko ditugun neurriak- 

Gure jardunaren eta erabaki guztien HELBURUAK eta LEHENTASUNAK hauexek izan dira:

-Udalak COVID-19aren hedapena geldiarazten jarrera aktiboa izatea.

-Egoera zaugarrienean dauden herritarrei eta kolektiboei erantzun egokia ematea. Adineko pertsonak, emakumeak, konfinamenduaren ondorioz ekonomikoki egoera larrian gelditu diren herritarrak...

-Herri eta komunitate izaera indartzea.

Eta hartu diren erabaki horiek guztiak gauzatu ahal izateko, kaltetutako eragileen, udal langileen eta ordezkari politikoen arteko elkarlana gakoa izan dela nabarmendu du alkateak. 

Hartutako neurrien laburpena 

-Udal zerbitzu asko bertan behera utzi behar izan dira eta, beste batzuk, ordea, indartu dira. 

-Langileen eta herritarren segurtasuna bermatzeko neurriak hartu ditu Udalak: kaleko eta eraikinen barruko garbiketaren eta hondakinen bilketaren indartzea, Udalatzaingoaren jarduna sendotzea...

-Kontratatuta dauden zerbitzuen errebisioa egin behar izan da eta langile guztien baldintzak bermatzeko lan egin du Udalak.

-Osasun larrialdiari aurre egiteko materiala -EPIak, desinfektantea...- lortu behar izan dira -ez da bat ere erraza izan- eta horiek banatzeko lehentasunak ezarri dira -adinekoen egoitzan eta oinarrizko lanetan aritu diren langileak-

-Aldi berean, funtsezko zerbitzuak ez badira ere, garrantzitsuak diren zerbitzuak moldatzeko ahalegina egin da: adibidez, Kultura, Jarduera Fisikoa, Musika Eskola, Euskaltegia, Herritarren Harrera Zerbitzua.

-Bestalde, eragin ekonomiko larria jasan duten eragileekin etengabe elkarlanean aritu gara konponbideak bilatzeko, hala nola, merkatariekin, ostalariekin, turismo eragileekin...

-Krisialdi hau pairatzen ari diren herritarrei udal tasak eta zergak ordaintzeko moduak eta epeak erraztu dizkiegu. 

-Dirulaguntzak eta orientazioa eskaintzeko eskualdeko zerbitzua martxan jarri dute Hernanik eta eskualdea osatzen dugun beste bost herriek.

Elkarlana
Horretaz gain, alarma egoeraren ondorioz, ohikoak diren tresna demokratikoak -beste talde politikoekin bilerak, batzordeak, osoko bilkura...- kolokan gelditu ziren, baina "ahal bezain pronto berreskuratu ditugu. Eta horren adibide da gaurko Ekintza Plana. Udalean ordezkaritza dugun lau taldeen artean adostutako plana baita. Gure herriko sentsibilitate guztiak ordezkatuta daude hemen eta, krisialdi egoeretan, bereziki, merezi du adosteko ahalegina egitea", nabarmendu du Xabier Lertxundik.

Ekintza Planak bi atal ditu:"Alde batetik, orain arte egin ditugun ekintzak eta, bestetik, eskuartean ditugunak (batzuk jada bidean daude eta beste batzuk laster exekutatuko dira). Larrialdi egoera bat bizitzen ari gara hau eta larrialdi egoera bati dagozkion ezohiko neurriak hartzea erabaki dugu denon artean", adierazi du alkateak.

"Lehentasuna pertsonak direla argi daukagu -krisialdi honetan gehien kaltetu dituzten kolektiboak eta pertsonak- eta kolektibo horiek laguntzera bideratu ditugu gure ahaleginak", erantsi du.

Guztira, plan honek jasotzen dituen neurriak kontuan hartuta, 2 milioi euro baino gehiago bideratuko ditugu udal aurrekontutik kolektibo horiek laguntzera eta tokiko jarduera ekonomikoa suspertzera. 

EKINTZA PLANA