Berriak
2024·07·03
Laureano Matias Rodriguez argazkilariaren argazki artxiboa eskuratu du Udalak, Artxiborako. Herriko ondarea aberastuko dute Hernaniri buruzko 25.000 argazki horiek.
Laureano Matias kazetari eta argazkilariak 2004 eta 2023 urteen artean ateratako argazkiak dira Udalaren esku geratu direnak. Ekitaldi instituzionalak, kirol eta kultur jarduerak, festak.. “Hernaniko azken 20 urteetako kronika grafikoa da, nolabait”, azaldu du Txuso Gomez Hernaniko Udaleko artxibozainak..
Argazki artxibo hori udalaren argazki fondoa aberasteko erabiliko dira. Argazkiak sailkatu, deskribatu eta artxibatu ondoren, Hernaniko Udalak berak erabiltzeaz gain, nolabait herritarren eskura ere jartzea da asmoa, pixkanaka Udalaren Ondarearen webgunera igota.
Besteak beste, Hernani 2023-2024 urtekariko azaleko argazkia Laureano Matias Rodriguezen argazki artxibotik ateratakoa da.