Berriak

Atzealdea Elizatxoko, Portuko eta Osinagako auzoak Kaxkoarekin lotzeko urratsa, errealitate bihurtzear

Urteetan auzoetako bizilagunek babestutako ekimenak irisgarritasunerako aukera berriak eskainiko ditu, eta Hernaniko mugikortasunerako pauso garrantzitsua izango da

2026·09·18


Irailaren 28an hasiko dira Elizatxoko, Portuko eta Osinagako auzoak Kaxkoarekin lotzeko ekimenaren lanak. Horrekin, auzoen eta hirigune historikoaren arteko konexioa hobetuko da, eta herritarren eguneroko joan-etorriak erraztuko dituen lotura berri bat sortuko da.

Auzoetako bizilagunek hainbatetan helarazi diote Hernaniko Udalari herrigunearekin duten lotura hobetzeko beharra. Bereziki, hirigune historikora iristeko dauden desnibelak eta irisgarritasun-zailtasunak gainditzeko beharra azpimarratu izan dute. Aldarrikapen horren baitan, igogailua izan da urteetan auzokideek babestu duten aukeretako bat. 

Konexio berriak Hernanin dagoeneko eskaintzen diren beste irisgarritasun-aukera batzuk osatuko ditu. Pana parkean Karabel eta Kaxkoa lotzen dituen igogailuarekin gertatzen den bezala, edo kiroldegiaren inguruan dagoenarekin, desnibelak gainditzeko eta herriko hainbat guneren arteko joan-etorriak errazteko balioko du. Horrela, herritarrek erosoago eta modu irisgarriagoan mugitzeko aukera gehiago izango dituzte.

Ekimena gauzatzeko epea 18 hilabetekoa izango dela aurreikusten da. Igogailua eta pasabidea amaitutakoan, Goiz Eguzkiko eremua berritzeari ekingo zaio. Horrela, esku-hartzeak lotura berria ez ezik, inguruko espazioaren hobekuntza ere jasoko du.

Esku-hartze honekin, beraz, auzoen eta Kaxkoaren arteko konexioa indartzeaz gain, Hernanik mugikortasun eta irisgarritasun handiagoa eskaintzeko bidean beste urrats bat emango du.


 

1 2 3