Berriak
Atzealdea

Hernaniko emakume zinegotzien adierazpena, MARTXOAREN 8aren harira

2020·03·08


ADIERAZPENA

Beste urte batez, martxoaren 8a gerturatzeak, egunero egin beharreko berdintasunaren aldeko borrokaren garrantzia jartzen du mahai gainean. Hori azpimarratzeko bildu gara Hernaniko udalean ordezkari garen emakume zinegotziak. Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren bidean eman beharreko pausoen adibide den toki honetan: Carmen Adarraga parkean, Hernaniko emakume baten izena duen lehen eremu publikoan hain zuzen. Benetako berdintasuna lortzeko, adierazpenak egiteaz haratago, neurri zehatzak hartu eta baliabideak jartzea baita instituzioen betebeharra.

Horregatik, Hernaniko Udalean lanean jarraitzeko konpromiso hauek adostu ditugu:  

        ◦ Udal kontratazio publikoan klausula sozial eta genero klausulak txertatzeko hasitako lanketarekin jarraitzea, batez ere sektore feminizatuenetan.
        ◦ Arlo publiko nahiz pribatuan udalerriko zaintzen errealitatearen azterketa egitea, genero ikuspegi batetik, eta neurriak martxan jartzea, besteak beste, zaintzen aitortza soziala eta gizon eta emakumeen erantzunkidetasuna bultzatzeko.
        ◦ Udalerriko emakumeek egindako ekarpena balorean jartzeko memoria historikoaren lanketarekin jarraitzea eta horretarako baliabideak bermatzea.
        ◦ Jabetze Eskolak, Kulturarteko Plaza Feminista nahiz bestelako espazioak bultzatzea edota indartzea, betiere ahalduntze ikuspegi feminista batetik.
        ◦ Gazteei zuzendutako politiketan, emakume gazteen ahalduntzea bultzatzea. Hezkuntza komunitatearekin batera, hezkuntza sexu-afektiboa eta ikasketen aukeraketan neska eta mutilen arteko berdintasuna lantzera zuzendutako jarduerak jasotzea.
        ◦ Desgaitasunen bat duten emakumeen egoera ikusisarazi eta hauen errealitatea aldatzeko pausuak ematea.
        ◦ Egoera zaurgarrienetan dauden emakumeen beharrei lehentasunez erantzutea.  
        ◦ Herrian berdintasunaren alde lanean diharduten pertsona zein kolektibo feministen parte hartzea bermatu eta hauen iritziak kontuan hartzea.

Amaitzeko, igande honetarako mugimendu feministak deitu dituen mobilizazioekin bat egin eta bertan parte hartzeko deia luzatzen diegu herritarrei.

EGITARAUA