Berriak
Atzealdea Emakumeen ahalduntze feministarako 12 ikastaro eskainiko ditu Jabetze Eskolak
2025·01·07
Emakumeentzako Hernaniko Jabetze Eskolak udaberrian (otsailetik ekainera) 12 ikastaro eskainiko ditu. Horietan izena emateko epea datorren astelehenean, urtarrilak 13, hasiko da.
Filosofia, literatura, nekazaritza, dantza, kirola... denetariko eskaintza izango da. Hauek izango dira eskainiko diren ikastaroak: Filosofo feministak arrazaren bidegurutzean; Lur gainean itzal azpian daudenen garrantzia, emakume nekazariak argitara; Mugak hausten dituen poesia xuxurlatua: feminista eta antiarrazista; irrintzi tailerra; batukada feminista; munduko emakumeen literatura; twerk ikastaroa; gorputzak dantzan -adinekoei zuzendua-; mendi orientazioa; abentura gaitezen elkarrekin; tratu ona erotizatuz eta, zeure barrura begiratu eta hartu arnasa.
Euskaraz izango dira ikastaro horietako zazpi (bat zuzeneko itzulpenarekin), bat elebitan eta lau, espainieraz.
Jabetze Eskolaren 20. urteurrena
Hernaniko Jabetze Eskolak 20. urteurrena beteko du ikasturte honetan. Hori dela eta, ospakizun berezia antolatu dute ekainaren 6rako. “Hausnarketarako eta formakuntzarako topagune” gisa sortu zen Jabetze Eskola, “emakumeen ahalduntze prozesuan eragiteko”.
Jabetze Eskoletan parte hartu duten emakumeen topalekua izateaz gain, urteurren borobila ospatzeko aitzakia ere izango da egun hori.
Izen-ematea eta zaintza zerbitzua
Jabetze Eskolako ikastaroetan izen-ematea on-line edo aurrez aurre, Kulturarteko Plaza Feministan bertan egin ahal izango da, urtarrilaren 13tik 24ra.
Haurren zaintza zerbitzua izango da Jabetze Eskoletan. Izena ematerakoan egin beharko da eskaera.
INFORMAZIO GEHIAGO:
Helbidea: Kulturarteko Plaza Feminista (Florida, 28)
Telefonoa: 943 33 70 17
E-maila: kulturartekoplazafeminista@hernani.eus