Berriak
Atzealdea Emakumeentzako Jabetze Eskolak 13 ikastaroko eskaintza aurkeztu du udazkenerako
2025·09·03
Hernaniko emakumeentzako Jabetze Eskolak aurkeztu du aurtengo udazkenerako prestatu duen programazioa, Berdintasun sailaren eskutik. Izen-ematea datorren asteazkenean (hilak 10) irekiko da, hilaren 24a arte.
13 ikastaroko eskaintza izango da, urtetako ibilbidea egin duten ikastaroekin eta nobedadeekin osatua. Jabetze Eskolaren filosofia eta helburuekin bat egiten dute ikastaro guztiek: “Hernaniko Jabetze Eskola hausnarketarako eta formaziorako topagunea da. Emakumeok geure eskubideen jabe egiteko, gure bizitzetan autonomia eta konfiantza izateko eta beste emakumeekin sareak sortzeko espazioa. Emakumeon ahalduntze prozesuan eragiteko, gure errealitatea ikuspegi feministatik aztertuko dugu eta errealitate hori aldatzeko tresnak eskuratuko ditugu, jendarte bidezkoago baterantz urratsak emateko”.
Aurten, emakume zaintzaileei zuzendutako eskaintza berezia egin da. Kontxi Lopez Soriak gidatuko ditu saioak, profesionalki edo bestela zaintza lanetan aritzen diren emakumeei zuzenduak. “Gure burua ongi zaintzen eta maitatzen ikastea” izango da talde egonkor honen helburua. Ikasturte osoko eskola izango da.
Programazioaren erdia, berrikuntza
Eskaintzaren ia erdia berria izango da. Hain zuzen ere, ikasturte osoko bi ikastaro berri izango dira eskaintzan: Jenny Perlazarekin gorputza eta bihotza mugitzekoa eta idazketa sortzaile tailerra.
Nobedadeen artean, ikastaro laburrak ere izango dira: DJ ikastaroa, sasi-garbitzeko makina eta motozerra erabiltzeko ikastaroa eta, sormena eta artelan-eskulan esperimentazioa. Urriaren 23an, Sexua Erromaniko garaian hitzaldia eskainiko du Isabel Mellen historialari arabarrak.
Urte osoko eskaintzan aurreko urteetan ere eskaini izan diren bost ikastaro izango dira: batukada feminista, twerk, munduko emakumeen literatura, adinekoentzako dantza eta, Zure barrura begiratu eta hartu arnasa. Elkarrekin abentura asteburupasa ere izango da urrian.
Zaintza zerbitzua eskainiko da ikastaroetan
Izen-ematea Kulturarteko Plaza Feministan bertan edo online egin beharko da hilaren 10etik 24ra.
Ikastaroetan zaintza zerbitzua behar izanez gero, izena emateko garaian eskatu beharko da.
Ikastaroei buruzko informazio osatua eta xehetasunak Emakumeentzako Jabetze Eskolaren eskuorrian (etxeetara banatua), www.hernani.eus-en edo Kulturarteko Plaza Feministan eskuratu ahal izango da.
Goiz Eguzki eta Ederlezi emakumeen abesbatzak, Leokako labaderoan
Jabetze Eskolen ikasturte berriari ekiteko, Leokako labaderoan ekitaldia izango da. Oraingo honetan, emakumen ahotsak izango dira protagonista, Goiz Eguzkiko emakumeen eta Donostiako Emakumeen Etxeko Ederlezi abesbatzen kontzertuarekin. Ixiar Zubimendik eta Bettina Aragonek gidatutako bi abesbatzak emakumeek osatzen dituzte.
Saioa hilaren 26an, ostirala, izango da, 22:00etan. Euria eginez gero, astebete atzeratuko litzateke kontzertua.

