Berriak

Atzealdea Emakumeentzako Jabetze Eskolako izen-ematea datorren ostegunean irekiko da

Udazkenerako 10 ikastaroko eskaintza prestatu da Kulturarteko Plaza Feministan

2026·09·03


Datorren ostegunean, irailaren 10ean, Emakumeentzako Jabetze Eskolaren ikasturte berriko matrikulazioa hasiko da. Hilaren 20a arte egongo da zabalik epea. 

Kulturarteko Plaza Feministatik eskaintzaren berri eman dute. Udazken honetarako, 10 ikastaro antolatu dituzte. Horietako batzuk ikasturte osorako izango dira; beste batzuek, aldiz, iraupen laburragoa izango dute. 

Emakumeen Jabetze Eskolak ibilbide luzea du dagoeneko Hernanin formakuntzarako eta hausnarketarako topagune izaten. Eskolaren helburua, emakumeen ahalduntzea ikuspegi feministatik landu eta errealitatea aldatzeko tresnak ematea da, jendarte bidezkoago baterako urrats gisa.

Tailerrak irailaren 28tik aurrera hasiko dira martxan. 

'Boteretze erotikoa' ikastaroa, nobedade nagusia

Berrikuntza nagusia lehenengo aldiz eskainiko den Boteretze erotikoa ikastaroa izango da. Urriko bi larunbatetan, gorputzetik eta norbere esperientziatik abiatuta, erotikan eta sexualitatean sakontzea izango du helburu tailerrak, erreferentzia esparru berriak sortuz. Erotika eta sexualitatearen inguruko sinesmenak eta aldez aurreko usteak antzeman, plazera erdigunea jarri eta gorputzarekin konektatzea izango da helburua. Xene sexologiako Edurne Errea Nuño izango da dinamizatzailea (euskaraz). 

Iaz lehenengo aldiz eskaini zen neska* gaztetxoentzako hilekoaren zikloari buruzko tailerra aurten ere egingo da (10-14 urteko neskak*). Bi saio emango dituzte, urrian, Ara!gorputz kooperatibako Ione F. Zabaleta eta eta Enara I. Dominguez dinamizatzaileek. "Hilekoaren zikloaz hitz egin, norbere bizipenez eta premiez mintzatu eta tresna praktikoak" ematea da tailer honen helburua. 

Emakume zaintzaileentzako taldea ere osatuko da aurten. Asteazkenetan elkartuko dira, Kontxi Lopez Soriak dinamizatuta (espainieraz), norbere burua zaindu eta maitatzearen garrantzia lantzeko. 

Izen-ematea, online edo Kulturarteko Plaza Feministan

Ikastaroetan izen-ematea online egin beharko da, edo Kulturarteko Plaza Feministara gerturatuta. Haurrak zaintzeko zerbitzua behar duten emakumeek, baita ere epe horren barruan egin beharko dute eskaera. 

Informazio gehiago, Udalaren webgunean eta sare sozialetan, zein Kulturarteko Plaza Feministan jaso daiteke. 

ESKAINTZA