Emakumeentzako Jabetze Eskolen udazkeneko ikastaroetarako izen-ematea gaur irekiko da
2022·09·08
Orotara, zortzi tailer edo ikastaro eskainiko dira irailaren amaieratik aurrera Jabetze Eskolan. Emaguneko lehen hitzordua, berriz, irailaren 15ean izango da. Tailer eskaintza horretan, ibilbide eta esperientzia oparoa duten irakasleak izango dira, hala nola: Ana Murcia Guevara (Sorburu), Clara Wolfram Perez, Nerea Redondo Otamendi, Arantxa Albizu Escobar, Ainara Sarasketa Alberdi, Mertxe Tranche Iparragirre, Beatriz Egizabal, Paki Caballero, Maider Oiartzabal Ziganda, Idoia Telleria Maritxalar eta Su Hernández Aparicio.
Izena emateko aukera egongo da gaurtik aurrera, irailaren 12tik aurrera, bai Kulturarteko Plaza Feministan bai e-mailez kulturartekoplazafeminista@hernani.eus edo 943 33 70 17 telefonora deituta. On line ere izena eman daiteke.
Leokako emanaldia, Jade bikote kubatarraren eskutik
Urtero bezala, Leokako labaderoko musika emanaldiak iragarriko du emakumeentzako Jabekuntza Eskolako ikasturte berria. Aurten, kontzertua Jade bikotearen eskutik etorriko da. Emanaldia urriaren 14an izango da, 22:00etan. Eguraldiarengatik aire librean ezingo balitz egin, Kulturarteko Plaza Feministan joko lukete. Jade bikotea bi artista kubatarrek osatzen dute: Yanaysa konpositorea eta bokalista nagusia da, eta Maygred, gitarra eta bigarren ahotsa. Musika tradizionaleko eta Kubako herri-musikako doinuak ekarriko dituzte Hernanira.
Hernaniko Jabetze Eskola hausnarketarako eta formaziorako topagunea da. Emakumeok geure eskubideen jabe egiteko, gure bizitzetan autonomia eta konfiantza izateko eta beste emakumeekin sareak sortzeko espazioa da. Eskolaren helburua emakumeon jabetze edo ahalduntze prozesuan eragitea da. Hori lortzeko asmoz gure errealitatea ikuspegi feministatik aztertuko dugu eta berau aldatzeko tresnak eskuratuko ditugu. Jendarte justuago baterantz urratsak emango ditugu.
Hori dela eta, Berdintasun Arlotik emakume guztiak animatu nahi ditugu parte hartzera, Kulturarteko Plaza Feministara gerturatzera eta gure arteko sareak ehuntzen jarraitzera.