Empar Pineda Erdozia aktibista hernaniarraren biografia argitaratu dute Udalak eta Berdintasun Kontseiluak
2020·12·16
Emakumeen oroimen historikoa berreskuratze bidean, hainbat egitasmo jarri ditu martxan azken urteotan Berdintasun Kontseiluak eta Hernaniko Udaleko Berdintasun Arloak, Hernaniko emakumeen historia jaso, aitortu eta zabaltzera emateko asmoz. Ildo horretatik doa Empar Pineda Erdoziaren (Hernani, 1944) inguruko lan hau ere.
Hernanin jaiotako emakume hau erreferentea da emakumeen eskubideen aldeko borrokan, diktadura frankistatik eta gaur egunera arte. Aipagarria da lesbianismoaren ikusgarritasunaren alde eta abortu eskubidearen aldeko borrokan egindako lana. Hori dela eta, garrantzitsua iruditzen zaigu haren bizitzaren berri ematea, emakume honen ekarpena bereziki belaunaldi berriengana iristeko.
Kattalin Miner idazle hernaniarrak idatzi du liburuxka eta bi bertsio argitaratu dira, bata euskara hutsean eta bestea, elebitan (euskaraz eta gaztelaniaz). Gaztelaniazko itzulpena Danele Sarriugartek egin du. Ilustrazioak Maddi Zumalabe eta Jon Arangurenenak dira. Liburua Elkar liburudendan eta Plaza Feministan dago eskuragarri, 8 (euskaraz) eta 10 (elebitan) euroko prezioan.