Berriak
Atzealdea

Energia eta klima astea izango da igandetik aurrera

Ingurumen sailak doako bost ekintza antolatu ditu

2023·09·18


Energia eta Klima Astean murgilduko da Hernani datorren asteburutik aurrera, Euskadiko Asteklimaren barruan. Hilaren 24tik 30era izango dira Udaleko Ingurumen sailak antolatu dituen ekintzak.
 
Adin guztietako hernaniarrentzako egitaraua prestatu da. Ekintza guztiak doakoak izango dira, nahiz eta batzuetan parte hartzeko izena eman edo gonbidapenak jaso beharko diren.
 
Hernaniko energia berriztagarriek instalazioa ezagutzeko bisita
Igandean (hilak 24) izango da lehenengo ekintza, Hernaniko energia berriztagarrien instalazioak ezagutzeko. Enherkom eta Goienerreko kideekin Zubipe futbol zelaiko instalazio fotoboltaikoa eta Fagollagako estazio hidroelektrikoa ezagutzeko aukera izango dute hernaniarrek.  Bisitak bi ordu inguruko iraupena izango du eta doako autobus zerbitzua izango da batetik bestera joateko..
 
20 lagunentzako toki mugatua izango denez, ekintza honetan parte hartzeko aldez aurretik izena ematea derrigorrezkoa izango da. Horretarako, ingurumena@hernani.eus-era idatzi edo 943 33 70 31 telefonora deitu behar da. Izena emateko azken eguna ostirala (irailak 22) izango da.
 
Hurrengo astean, ekimen gehiago
Hurrengo astean, aldiz, dokumental emanaldia, mahai-ingurua, hitzaldia eta haurrentzako antzerkia izango dira. 
 
Hiriko bizitza utzi eta landa eremura bizitzera joateko erabakia hartu duen bikote baten bizimodua narratzen du The biggest little farm dokumentalak.
 
Asteazkeneko (hilak 27) mahai-inguruan klima aldaketa ikuspegi feministatik aztertuko dute. Goiener eta Enherkomeko kideek, aldiz, energia komunitateak eta autokontsumo kolektiboa izango dituzte hizpide ostegunean.
 
Azken ekitaldia etxeko txikienentzako izango da: Niararen bidaia antzezlana. Niara haur indigenak Naturarekin duen harremana kolokan jarriko du itsasoan agertu den orban batek eta hortik aurrerakoak kontatuko ditu istorio honek. 
 
The biggest little farm filma eta Niararen bidaia antzezlana ikusteko gonbidapenak eskuratu beharko dira. Mahai-ingururako eta hitzaldirako sarrera, berriz, libreak izango dira. 
 
Ekintza hauek Biteri Kultur Etxean eta Kulturarteko Plaza Feministan izango dira. 
 
EGITARAUA:
Irailak 24, igandea: Hernaniko energia berriztagarrien instalazio eta bisita (10:00, Zubipeko futbol zelaia). Izen-ematea derrigorrezkoa.
Irailak 26, asteartea: The biggest little farm dokumentala (Biteri kultur etxea, 19:00). Gonbidapenak: kultura.hernani.eus edo Biteri Kultur Etxeko leihatilan. 
Irailak 27, asteazkena: Mahai-ingurua: Klima aldaketa ikuspegi feministatik (Kulturarteko Plaza Feminista, 18:30).
Irailak 28, osteguna: Hitzaldia: Energia komunitateak eta autokontsumo kolektiboa (Biteri Kultur Etxea, 19:00).
Irailak 30, larunbata: Niararen bidaia, 3 urtetik gorakoentzako antzerkia (Biteri Kultur Etxea, 12:00). Gonbidapenak: kultura.hernani.eus edo Biteri Kultur Etxeko leihatilan.