Berriak
Atzealdea

Udalaren energiaren kontsumoa, faktura eta CO2 isurketak murriztu dira Energia Planaren ekintzei esker

Energia Iraunkorrerako Udal Planaren barruan, Hernaniko Udalak ebaluaketa jarraia egiten du udal eraikinetan eta kaleko argiterian kontsumitutako energiaren kudeaketa ahalik eta eraginkorrena izan dadin. Horretarako SIE sistema -Informazioa eta Energiaren Kudeaketa Sistema- erabiltzen du.

2019·09·05


Energia Plana garatzen hasi zenetik, energiaren eraginkortasuna hobetzeko zenbait ekintza egin ditu Udalak. Horien artean aipagarriak dira instalakuntzen berritze, kontrol eta jarraipenak, edota teknologia zaharren ordezkapena (kaleko argiztapena LED teknologiara aldatu, biomasa bidezko galdara  kiroldegian…).

Ekintza horiek guztiek energiaren kontsumoan, fakturan eta negutegi efektua areagotzen duten gasen isurketan izan duten eragina zenbatu berri du Udalak. Bilakaera ikusi nahian, neurketa honetan 2018ko eta 2015eko datuak alderatu dira.

Udalaren 2018ko kontsumoa, guztira, 6,3 milioi kWh-koa izan zen, eta energiaren faktura, 708.000 eurokoa. Berotegi efektuko gasei (BEG) dagokienez, 226,6 karbono dioxido tona baliokideren isurketa izan zen iaz.

2015. urtearen aldean, kontsumoa jaitsi da (-%1,8), baita faktura ere (-%9,7). Jaitsiera nabarmenena BEG isurketena izan da, %74,8koa izan baita (671,58 tCO2 baliokide). Isurketa horien jaitsierak hiru arrazoi nagusi ditu: kontsumoaren murrizketa, energia berriztagarriaren aldeko apustua (biomasa), eta egun kontsumitzen den argindarraren jatorri berriztagarria (jatorri berriztagarri ziurtagiridun elektrizitatea kontsumitzen da).

Kiroldegiak, alde handiz, kontsumitzen du energia gehiena

Hernaniko Udalak 50tik gora eraikin eta lokal ditu, eta 91 argiztapen eremu. Kontsumo gehiena duten 10 udal eraikinen artean kirola, kultura eta hezkuntza arloko azpiegiturak daude. Kiroldegia da kontsumo handieneko udal eraikina. Horren ondoren, Urumea Ikastola eta Biteri kultur etxea daude.

Behin azterketa hori eginda, oraindik hobetzeko aukera dagoela ondorioztatzen da.

Datu batzuk

✓ Eraikinen gastua da gastu osoaren %62 (442.544 €); gainontzekoa kaleko argiztapen eta beste zenbait instalazioen kuadroetatik dator (265.697 €)

✓ Energiaren gastua: argindarra (%82), gasa (%14) eta erregaiak (%4)