Berriak

Atzealdea Eraikuntzako hondakin ez arriskutsuen proiektuaz dagoen informazioa herritarrei zabaltzen jarraitzeko asmoa berretsi du Hernaniko Udalak

2025·04·11


Hernaniko Udalak ekonomia zirkularrarekin eta Zero Zabor politikarekin duen konpromisoa berresten du. Ardura horretatik, gure lurraldean egiten diren aktibitate ekonomikoek sortutako hondakinen kudeaketa jasangarri eta iraunkorrerako azpiegituren beharra ezinbestekotzat jotzen du. Ekotrade enpresak indusketatik datozen eta hondakin ez arriskutsu gisa sailkatuta dauden lur kutsatuak kudeatzeko eta tratatzeko instalazio bat eraiki nahi du Hernanin. Material horiek berreskuratzeko bioedizio, garbiketa eta beste teknologia batzuk erabiliko lituzke, eta, prozesuaren bukaeran, eraikuntzako hondakin horiek berriz aktibitate horretan erabili ahal izatea ahalbidetuko litzateke, material horiek zabortegi batean bukatzea eragotziz.

Proiektuaren berri jaso ahala, Hernaniko Udalak hitzarmenak egitea proposatu dio enpresari, berme osagarriak ezartzen dituzten elementuak direlako. Hau da, jarduera kontrolatzeko eta herritarrekin sozializatzeko prozesua bermatzen dute hitzarmen horiek, herritarren aurrean gardentasunez, konpromisoz eta erantzukizunez partekatu ahal izateko. Hitzarmenik gabe, ezin izango litzateke sozializazio prozesu hori aurrera eraman.

Horri dagokionez, esan behar da hitzarmenaren zirriborro bat egin eta proiektuaren markoa jartzen hasi dela udala, eta aurrerantzean ere ahal den gardentasun gehienarekin lan egiten jarraituko duela, sor daitezkeen zalantzak argitzeko.

​​​​​​Proiektuaren izaerari dagokionez, argi utzi nahi dugu Hernaniko Udalak ez duela ahalbidetuko hernaniarren osasunari eta ingurumenari kontrolik gabeko inpaktu negatiboak eragingo dizkion proiekturik. Bere lana da hori ez gertatzeko baldintzak bermatzea eta hori bermatzeko prestutasun eta asmo osoarekin ari da lanean.