ERAKUNDE ADIERAZPENA: Azaroaren 25a. Indarkeria matxisten aurkako Nazioarteko Eguna
2022·11·25
ERAKUNDE ADIERAZPENA: Azaroaren 25a. Indarkeria matxisten aurkako Nazioarteko Eguna
Indarkeria matxisten aurkako Nazioarteko Eguna da azaroaren 25a. Indarkeria matxista arazo sozial larria da eta indarkeriaren aurka eragitea herritar ororen ardura da. Izan ere, indarkeriaren oinarrian gure jendartean errotuta dauden egoteko eta egiteko moduak daude, emakumeen eta heteronormatik kanpo dauden pertsonen diskriminazioa eragiten dutenak.
Indarkeriaren aspektu ikusgarriena, izeberg-aren punta, erailketak dira: 2003tik aurrera, emakumeen kontrako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 115 emakume eta 11 haur erailak izan dira Euskal Herrian. Zenbaki onartezin honen atzean izenak eta izanak daude. Erauzitako bizi proiektuak. Bereziki memorian gorde nahi ditugu, 2022an zehar erail dituzten Sara Pina Ieregi, Felisa S. P. eta Maria Luisa Larrañaga.
Azaroak 25 hau beraz, indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzen jarraitzeko eguna izango da, jendartean normalizatuen dauden sotilenetatik hasita, hala nola ukitzeak; ahozko lizunkeriak; mezu eta adierazpen sexistak; janzkera, jendarte-sareen erabilera edo lagunartea kontrolatzea, eremu publikoa (eskolako patioak, jolastokiak, parkeak) askatasunez okupatzeko zailtasunak; edota emakume eta gizonen arteko berdintasuna zuzenean erasotzen dituzten administrazio-erabakiak. Bigarren estadio batean, sexu-erasoak eta eraso fisikoak egongo lirateke, eta, esparrurik bortitzenean, erailketak.
Urte honetan ere bereziki aipatu nahiko genuke, jai giroan emandako erasoen gorakada eta bereziki sustantzia kimikorik gabeko ziztaden bidez egindakoak. Antolatutako emakumeenganako gorroto baten erakusle dira beldurra eta kontrola bilatzen duten eraso hauek. Hala ere, eraso bakoitzaren aurrean, hauek salatu dituen Mugimendu Feminista saretu bat atera da kalera.
Erakundeetan ere eman da aurrerapausorik: EAEko Berdintasun Legearen erreforma egin da, zeinak indarkeria matxistaren kontzeptualizazio irekiago bat ekarri duen. Hala nola abusuaren eta erasoaren arteko banaketarekin amaitzea; indarkeria matxista bikote eremutik at eta hainbat alorretan ematen dela ikustaraztea; indarkeria digitalak, instituzionalak eta obstetrikoak izendatzea; sexu erasoak atenditzeko krisi zentroak eraikitzea; eta abar luze bat. Lege berri honek oinarri bat jartzen du, Hernanin ere norabide horietan lan egiteko.
Gutariko bakoitzari dagokigu egoera hori aldatzea, eguneroko zereginetan hasiz, gure inguru hurbilenean jardunez. Eta gure kasuan, erakunde-eremutik jardunez, horretarako beharrezkoak diren baliabide tekniko, ekonomiko eta politikoak aktibatuz.
Hori horrela, ondorengo konpromisoa hartzen du Hernaniko Udalak:
• Berdintasun Saila, Berdintasun Kontseilua eta Kulturarteko Plaza Feminista egonkortu eta babesteko konpromisoa hartzen dugu.
• Emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzio eta arretarako jardunean sakontzen jarraituko dugu: Erakundeen arteko Protokoloa bete eta hobetzeko aspektuak identifikatuz, indarkeria mota hau pairatzen duten emakumeen ahalduntzea helburu duen ikuspuntu batetik.
• Emakumeen Munduko Martxak bultzatutako indarkeria matxistaren aurreko erantzun-protokoloa gure egin eta Koordinadora Feministaren deialdiekin bat egingo dugu.
• Jai giroan ematen diren erasoei erantzuteko eta hauek prebenitzeko protokoloa mantentzeko konpromisoa hartzen dugu.
• Indarkeria matxistarekin zerikusia duten baliabide, zerbitzu eta prozedura guztiak, administratiboak nahiz judizialak, publikoak, doakoak eta ez diskriminatzaileak direla bermatuko dugu.
• Neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako jabekuntza jarduerak abian jarriko ditugu, Emakumeontzako Jabetze Eskolaren bidez.
• Sexu- eta bikote- aholkularitza zerbitzua eta aholkularitza juridikoa mantentzeko konpromisoa hartzen dugu, prebentzio eta arretarako baliabide gisa.
• Mutil eta gizonei zuzendutako lanketa berezituekin jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, afektibitatea, harreman ereduak, maskulinitate ereduak, rol sexistak gainditzeko estrategiak, eta parekidetasuna lantzeko besteren artean.
Azkenik, mugimendu feministak antolatuko dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.