Berriak

Atzealdea ERAKUNDE-ADIERAZPENA: LGBTI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna

Hernaniko udal talde guztiek adostu dute erakunde-adierazpena. Kolektibo horien eskubideen aldeko aldarria egiteaz gain, herritarrei dei egiten zaie LGBTI mugimenduak eta mugimendu feministak gure herri eta hirietan deitutako ekintzetan eta manifestazioetan ere parte har dezaten: gaur, Donostian (Boulevard-etik, 19:00etan) eta Lasarte-Orian (Okendo plazatik 20:00etan).

2023·06·28


Ekainaren 28an, LGBTI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da: borroka disidente luzea eta egindako lorpenak ospatzeko eguna da, baita eskubideen eremuan aurrerantz egiteko dagoen guztia aldarrikatzeko eguna ere.

Hernaniarrok erne egoten jarraitu behar dugu lurraldean gertatutako LGBTI+ herritarren aurkako erasoen eta sexu- eta genero-aniztasunaren aurkako ideia politiko jakinen aurrean. Trans kolektiboaren eskubideak aldarrikatu behar ditugu eta euren bizi-prozesua jarraitzen duten horiek babesteko legezko esparruak bultzatu. Era berean, kolektiboaren ikusgarritasunari dagokionean,  lanean jarraitu behar dugu aniztasuna balioan jarri eta elkarbizitza zein errespetua sustatzeko. Eta horren adierazle da, justuki, Hernaniko udalak azken urteotan garatutako LGBTI+ politiken aldeko konpromiso irmoa.

Egunotan, gainera, ekainaren 25ean, San Joan Jaietan, Hernaniko Loratuz Lotu Trans elkarteak ospakizuna antolatu du. Izan ere, guk ere aldarrikatu nahi dugu LGBTI+ kolektiboak jaiak askatasunez eta plazerez bizitzeko duen eskubidea. Era berean, Euskal Herriko LGBTI+ kolektibo eta pertsona ugariren borroka luze eta ordainezina aitortzen dugu: pertsonen eta gure herriaren askapen sexualerako erreferente direla erakusten jarraitzen dute.

Hau guztiagatik, herritarrei dei egiten diegu LGBTI mugimenduak eta mugimendu feministak gure herri eta hirietan deitutako ekintzetan parte har dezaten, bereziki, ekainaren 28an bertan, Lasarte-Orian egingo den manifestazioan; Okendo plazatik 20:00etan. Baita Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko ere.


Denontzako askea eta bidezkoa den Euskal Herri baten alde!

Hernanin, 2023ko ekainaren 28an