Berriak
Atzealdea

ERAKUNDE-ADIERAZPENA: LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna

Herritarrei dei egiten diegu LGBT mugimenduak eta mugimendu feministak gure herri eta hirietan deitutako ekintzetan parte har dezaten, bereziki, gaur, ekainaren 28an bertan, Lasarte-Orian egingo den manifestazioan. Baita Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko ere.

2022·06·28


53 urte igaro dira Stonewallen (New York) lesbiana, gay, transexual eta, batez ere trabestiak, poliziaren aldetik jasaten zituzten jazarpena eta xantaiaren aurrean erreboltatu zirenetik: data hori mugarri bihurtu zen LGTB pertsonen borrokan.

10 urte geroago, 1979ko ekainaren 10ean, Euskal Herrian, polizia batek Vicente Vadillo Santamaria (Francis) hil zuen Errenteriako diskoteka batean, trabesti izateagatik. Ekainaren 28 hartan LGBT pertsonek eta kolektiboek Euskal Herriko kaleak hartu zituzten estreinako aldiz, eta euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzea aldarrikatu zuten. Stonewalleko gertakariez geroztik, ekainaren 28an, LGBT Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da: borroka disidente luzea eta egindako lorpenak ospatzeko eguna da, baita eskubideen eremuan aurrerantz egiteko dagoen guztia aldarrikatzeko eguna ere.

Hernaniarrok erne egoten jarraitu behar dugu lurraldean gertatutako LGBT kolektiboaren aurkako erasoen eta sexu- eta genero-aniztasunaren aurkako ideia politiko jakinen aurrean. Trans kolektiboaren eskubideak aldarrikatu behar ditugu eta euren bizi-prozesua jarraitzen duten horiek babesteko legezko esparruak bultzatu. Era berean, kolektiboaren ikusgarritasunari dagokionean,  lanean jarraitu behar dugu aniztasuna balioan jarri eta elkarbizitza zein errespetua sustatzeko. Eta horren adierazle da, justuki, Hernaniko udalak azken urteotan garatutako LGTB politiken aldeko konpromiso irmoa.

Egunotan, gainera, ekainaren 25ean, San Joan Jaietan, Loratuz Lotu eta Ehgam-ek ospakizuna antolatu dute. Hortaz, guk ere aldarrikatu nahi dugu LGBT kolektiboak jaiak askatasunez eta plazerez bizitzeko duen eskubidea. Era berean, Euskal Herriko LGTBI kolektibo eta pertsona ugariren borroka luze eta ordainezina aitortzen dugu: pertsonen eta gure herriaren askapen sexualerako erreferente direla erakusten jarraitzen dute.

Hau guztiagatik, herritarrei dei egiten diegu LGBT mugimenduak eta mugimendu feministak gure herri eta hirietan deitutako ekintzetan parte har dezaten, bereziki, ekainaren 28an bertan, Lasarte-Orian egingo den manifestazioan. Baita Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko ere.


Denontzako askea eta bidezkoa den Euskal Herri baten alde!

Hernanin, 2022ko ekainaren 28an