Berriak
Atzealdea Eraso matxistarik eta arrazistarik gabeko sanjoan jaiak aldarrikatu dituzte Udalak eta eragileek
2025·06·19
Sanjoanak ate joka diren honetan, eraso matxistarik eta arrazistarik gabeko festak aldarrikatu dituzte Hernaniko Udalak eta herriko hainbat eragilek (Hernaniko Koordinadora Feminista, Bilgune Feminista, AMHER-SOS Arrazakeria, Txosna Batzordea, Berriak elkarteak eta tabernariek).
Itsaso Legorburu Berdintasun eta Kulturartekotasun zinegotziak gogora ekarri duenez, “Hernanin urteak daramatzagu jaietan indarkeria matxista eta arrazistaren gaia lantzen; urratsak eman ditugu mugimemdu feministatik eta antiarrazistatik eta Udaletik. Aurtengoan ere indarkeriarik gabeko jaien alde elkartu gara”.
Hernaniko jaiak denontzako gozagarriak eta seguruak izatea da helburua. “Festak gizarte baten egituraren eta herri baten nortasunaren adierazle dira. Gaur egun jai eta tradizioek, jendarte ordena erreproduzitzen dute, egungo hierarkiak, botere harremanak, rol banaketak... Jaiak egunerokoan ematen diren zapalkuntza eta diskriminazioen adierazleak oso nabarmenak dira”, adierazi du eragile denen bozeramaile izan den Aitana Minerrek. “Jai eremu eta egunetan intentsitate ezberdinetako erasoak sarriago gertatzen dira, hala matxistak nola arrazistak: irainak, ukituak, eraso fisikoak, bortxaketak… Horren aurrean, ozen eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula onartuko jaiak erasotzaileen eta diskriminatzaileen aterpe bilakatzerik, kontsumo ezberdinen justifikazio eta aitzakipean”.
Telefono arreta, informazio gunea eta tabernarientzako protokoloa
Eraso matxistei eta arrazistei aurre egiteko, hainbat baliabide eta zerbitzu jarriko dira martxan sanjoanetan: informazio gunea, arretarako telefonoa eta protokoloa.
Indarkeria sexistarik gabeko informazio gunea Ezkiaga pasealekuan egongo da bi egunetan (ekainaren 23an eta 25ean, 18:00etatik 22:00etara).
Erasoen arretarako telefonoa 688 685 164 izango da. Ekainaren 21ean, 18:00etatik 08:00etara egongo da martxan telefono zenbaki hori. Ondoren, ekainaren 23tik 28ra, 24 orduz egongo da zerbitzuan, asteleheneko 18:00etatik larunbat goizeko 08:00ak arte.
Emagin elkartekoek kudeatuko dute telefono hori. “Helburua erasoak jasotzea eta erasotuari arreta ematea izango da, beti ere ikuspegi feministarekin: ahalduntzea sustatuz eta ez berbiktimizatuz”, adierazi du Minerrek.
Telefono zenbaki hori Hernaniko ostalarien esku ere egongo da. Hain zuzen ere, Hernaniko tabernariei eraso matxista eta arrazisten kontrako protokoloa eta gutun bat banatu zaie, jai giroan ere guztiok festak askatasunez eta plazerez bizitzeko “konplize” izan daitezen.
Gaurko agerraldian parte hartu duten eragileek mezu argia eman dute: “Ezinbestekoa da erasoen prebentzioan eta erantzunean denok konpromisoak hartzea”. Bereziki salatu dituzte “azkenaldian herrian zabaldu diren mezu eta jarrera arrazistak”. Hori dela eta, AMHER-Sos Arrazakeriak eta herriko hainbat eragilek biharko (ekainak 20, 19etan Zinkoenean) antolatu duten elkarretaratzearekin bat egin eta herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.