Berriak
Atzealdea Ereñotzuko zentral hidroelektriko zaharrean natura zaharberritzeko lanak hasi dira
2025·11·27
Errenteriako Udalak zentral hidroelektriko zahar bat dauka Urumea ibaian, Ereñotzun. Instalazio guztiak (presa, ubidea, turbina-eraikina, hustubidea...) Urumea Ibaia (Natura 2000 Sarea) Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) naturgune babestuaren barruan daude.
2019ko abenduaren 18an, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak ebatzi zuen Ereñotzun (Hernani) Urumea ibaiko 4.000 l/s ur aprobetxatzeko eskubidea iraungitzea, Errenteriako Udalari energia elektrikoa ekoizteko eman zitzaiona. Ebazpenaren xedapen- zatian, presaren eta arrainen eskala eraistea ezartzen ziren titularrarentzako betebehar gisa.
Zentral hidroelektrikoa XIX. mendearen amaieratik XXI. mendearen hasierara arte egon zen lanean, eta 1974tik 1988ra bitartean ez zuen jarduerarik izan. Azken aldian zentrala elektrizitaterik sortu gabe hiru urte baino gehiago geldirik egon ondoren iraungi da administrazio-baimena, etengabeko matxurak eta bideragarritasunari buruzko zalantzak direla eta.
Gainera, Ereñotzuko presaren altuerak (5,50 m) eta arrain-eskalaren arazoek eragin ezkor handia dute Urumea ibaiaren konektibitate ekologikoan, Urumea ibaiaren KBEan bertan. Kantauri itsasotik ibai horretatik ugaltzeko igotzen diren izokinen eta beste espezie batzuen migrazioak eragotzita suertatzen da. Indarrean dagoen legediak eta KBEaren Kudeaketa Planak berak jada behartzen dute inpaktu horiek konpontzera.
Presa eraisteak izokinak eta ibai-faunaren beste espezie batzuk Goizuetara eta Ezkurrako mendaterantz igotzea erraztuko du, orain arte Ereñotzuko presak galarazten zuena.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoen Zerbitzuak idatzi zuen eraispen-proiektua, Errenteriako Udalak eskatuta, GFAk esperientzia handia baitu ibai-habitat artifizializatuen natura lehengoratzen eta ingurumen-kudeaketan.
Proiektuak, berez, bi separata ditu, bata presa eraisteari buruzkoa, eta bigarrena ubidearen ingurumena lehengoratzeari buruzkoa.
Proiektuaren esleipena
Hala, uda honetan, Errenteriako Udalak Construcciones Moyua SL enpresari esleitu dio "Urumea ibaian dagoen Ereñotzuko zentral hidroelektrikoaren presa eraistea eta ubidearen ingurumena lehengoratzea" izeneko proiektua, 1.370.064,70 euroko aurrekontuarekin eta 5 hilabeteko egikaritze-epearekin. Errenteriako Udalak aurrekontuaren %67,07 (918.902,39 euro) hartzen du bere gain eta Hernanikoak %32,93 (451.162,31 euro).
Yolanda Martin, Errenteriako Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, "obra honen bidez, hesi naturalak kenduko dira, inguruko biodibertsitatea indartzeko. Flora espezieez gain, beste animalia espezie batzuentzako aukera ere zabaltzen da, hala nola galemysa, desagertzeko arriskuan dagoen muturluze europarra, izokina edota martin arrantzalea, besteak beste".
Ainara Atorrasagasti, Hernaniko Ingurumen zinegotziak "Urumea ibaia berreskuratzeak" duen garrantzia azpimarratu du, "bai ingurumen ikuspegitik eta baita sozialki duen eraginarengatik".
Bestalde, Errenteriako Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu du Hernaniko Udalarekin 2025ean, Ereñotzu auzoan egin beharreko ibai-zaharberritze horri dagokionez. Horrela, ubidearen gainean egin beharreko obrek Errenteriako Udalak Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren aurrean hartutako betebeharrei gehigarri bat gehituko die. Izan ere, Konfederazioaren zehaztapenak presa eraistean oinarritzen dira soilik, eta ez kanalak eragindako eremuaren ingurumena lehengoratzean. Obra horiek zeharka eta zabal hobetuko dute Hernaniko Ereñotzu auzoko herritarren bizi-kalitatea, ingurumenekoa eta hirigintzakoa barne. Hala baieztatu du Olatz Juantorena Ereñotzuko auzo-alkateak: "Orain arte auzogunearen eta ibaiaren artean zegoen oztopo fisikoa ezabatzeak Ereñotzuri kohesioa emango dio. Bailara osoan ibaia oso hurbil dago, auzogunean orain arte izan ezik". Horrez gain, paseatzeko eremu lau bat sortu izana ere "auzotarrentzat positiboa" dela baieztatu du.
Beste alde batetik, eta obra honen inguruan, Ereñotzuko Toki Erakunde Txikiak Ereñotzuko Zentral Hidroelektrikoaren finka eskatu zion Errenteriako Udalari, udal honen jabetzakoa baita. Gaur egun zentrala erabilerarik gabe dagoenez, eta etorkizunean erabiliko denik aurreikusten ez denez, lagapen akordio batera iritsi dira, eta horren arabera, Ereñotzuk eraikina helburu sozial eta kulturaletarako bideratuko du. Juantorenak gaineratu duenez, "zentral hidroelektrikoaren inguruan hasitako bidea Ereñotzurentzako ekarpen garrantzitsua da. Hurrengo erronka auzogunean dagoen zentralaren eraikin zaharra berreskuratu eta auzoarentzako espazio bat sortzea izan liteke".
LIFE KANTAURIBAI ingurumen-egitasmoa
Europako Batzordeak Natura 2000 Sarea Bizkaiko Golkoan ekologikoki hobetzeko Europako LIFE KANTAURIBAI (2021-2027) kontserbazio- programaren bidez finantzatzen du natura lehengoratzeko obra hau. Errenteriako Udala LIFE proiektuaren bazkide da, eta beste eragile batzuekin partekatzen du, nagusiki publikoak: Nafarroako Gobernua, URA Uraren Euskal Agentzia, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako eta Hernaniko Udalak, EFE- Verde Agentzia, zein Lapurdiko eta Espainiako eta Frantziako estatuetako erakunde zientifikoak. Iberdrola Generación SAk ere parte hartzen du.


