Berriak

Atzealdea Ernetu, Gipuzkoako laneratzeko enpresen jardunaldia hartu du gaur Hernanik

Xabier Lertxundi alkateak parte hartu du jardunaldian

2024·02·27


Ernetu, Gipuzkoako laneratzeko enpresen jardunaldia ospatu da gaur Hernanin, Biteri Kultur Etxean, Gizatea elkarteak antolatuta.
 
Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak parte hartu du bertan. “Jardunaldi hau Hernaniko politikekin erabat bat dator. Zaurgarritasunari aurre egiteko, politika publikoen bidez ekiten ahalegintzen gara, eta ez karitatetik”. Zailtasunak egon badaudela aitortu du Lertxundik, -”merkatu libreak indar handia baitu-”, baina “administrazio publikoon eginbeharra da zaurgarritasunari aurre egitea”. Bide horretan, Hernaniko Udalak, herriko ehun ekonomikoarekin eta herritarrekin batera martxan duen Hernani Burujabe proiektuaren eredua aipatu du Xabier Lertxundik; “proiektu estrategikoa da Hernanirentzat”.
 
Xabier Lertxundi alkateak azaldu duenez, “ezinezkoa da tokiko garapen justua justizia sozialik gabe”. Hori dela eta, Ernetu jardunaldian parte hartu duten enpresei “indartzeko eta gisa horretako gehiago sortzea” opa die. 
 
Jardunaldian hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izan da. Horien artean, Hernaniko Maitelan kooperatibaren ibilbidea azaldu dute Onix Karla Cerdak eta Mikel Tolosak, eta Buruntza-Beterri mankomunitatetik martxan jarritako zenbait proiektu ere azaldu dira. 
 
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari, Koldo Peciña Proiektu Estrategikoetarako zuzendari nagusiak Hernani eta Beterri-Buruntza mankomunitateak “eredugarri” direla aipatu du.