Berriak
Atzealdea Etorkizuneko Hernaniko Gaztelekuak nolakoa izan behar duen zehazteko hausnarketa prozesua martxan da
2026·03·03
Hernaniko Gaztelekuak nolakoa izan behar duen, zein funtzio bete behar dituen eta herriko gazteei zer eskaini behar dien zehazteko hausnarketa prozesua martxan da.
Aitor Lukas Gazteria zinegotziak "trantsizio momentu" gisa definitu du prozesu hau. "18 urtez martxan egon ondoren, Gaztelekuaren zerbitzua birpentsatzeko beharra ikusi dugu. Garaiko nerabeen beharrei erantzuteko pentsatu zen eta gisa horretara planteatu. Gaur egungo errealitatea, batez ere COVID19ak eragindako pandemiaz geroztik, oso ezberdina da, eta gaur egungo nerabeen beharrei erantzungo dien zerbitzu bat eskaini nahi du Udalak".
Gaztelekuaren zerbitzuaren kontratua bukatu zen iazko abenduan eta momentu hori baliatu da hausnarketa martxan jartzeko. Izan ere, 2027an berriz zerbitzua martxan jartzea aurreikusten da, "berrituta eta berregokituta".
Nerabeen bueltan herri mailan dauden eragileekin, parte-hartze prozesua
Ekaina arte, "Hernaniko hezkuntza komunitatea osatzen duten eragileak eta orain arte erabiltzaile izan diren nerabeak kontuan hartuta", parte-hartze prozesua gauzatuko da.
Lehenengo lan-saioak dagoeneko egin dira, Gaztelekuko erabiltzaile izandakoekin eta hezitzaileekin, "informazioa eta ekarpenak jasotzeko". Udal barruan ere, nerabeekin aritzen diren arloetako teknikari eta zinegotziak aritu dira gaiaren inguruan hausnartzen (Berdintasuna; Euskara; Gazteria; Jarduera Fisikoa eta Kirola; Kultura; Kulturartekotasuna; Partaidetza eta Zerbitzu Sozialak).
Etorkizunean erabiltzaile potentzial izan daitezkeen nerabeen ekarpenak ere jaso dira, Hernani Institutuan eta Aratz ikastolan egindako saioen bidez.
Orain, lanketa herrira zabalduko da, "hezkuntza komunitatea osatzen duten eragileengana: Haurren Kontseilua, Hezkuntza Plataforma eta guraso elkarteak". Hezkuntza ez-formaleko eragileekin ere partekatuko da hausnarketa (Dobera, Kanika, Xaxaka eta Kaxkardi elkarteak), baita AMHER-Sos Arrazakeria eta Bilgune Feministarekin ere. Azkenik, guraso eta nerabeei ere euren iritzia emateko aukera eskainiko zaie galdetegi bidez.
Hain zuzen ere, "nerabeen bueltan herri mailan dauden eragileen inplikazioa bilatu nahi dugu, errealitatearen ahalik eta argazkirik zintzoena edukitzeko eta etorkizuneko Gaztelekua ahalik eta nerabe gehienentzako espazio erreferentzial bihur dadin", azaldu du Lukas zinegotziak.
Gaztelekua, herriko eragile erreferentzial bat gehiago
Momentuz, "gehien errepikatu den kezka izan da Gaztelekuak ezin duela zerbitzu soil eta isolatu bat izan. Hernani herri hezitzailea bada, funtzio oso indartsua jokatzen dute nerabeek, eta Gaztelekuak gainerako eragile eta adin-taldeekin konektatuta egon behar luke", dio Aitor Lukas zinegotziak.
Etorkizuneko Gaztelekuak, "nerabeentzako erreferentziazko espazio izateaz gain, lan hezitzailea ere egin behar luke, nerabeak Hernaniko bizitza komunitarioan eragile aktibo izatea sustatzeko; egoera zaurgarrian egon daitezkeen nerabeei berariazko arreta eskaini; nerabeen interesak erdigunean izango dituen programazioa osatu...", gaineratu du.
Nerabeentzako eskaintza indartuko da
Behin parte-hartze prozesua bukatuta, "egungo nerabezaroaren beharretara egokituta egongo den Gaztelekua" diseinatu beharko da. "Nerabezaroa ez da arrisku-etapa bat, baizik eta esperimentazio eta transformazio etapa, bere behar propioekin", adierazi du Lukas zinegotziak, "nerabeentzako espazio eta zerbitzuek ere horri erantzun behar diote, dinamikoak izan behar dute eta egungo beharretara egokituak".
Baina bitartean, Hernaniko nerabeei eta gaztetxoei zuzendutako aisialdi eskaintza indartzeko apustua egin du Hernaniko Udaleko Gazteria sailak. Horren lehen adibidea apirilean bertan izango da, udaberriko oporraldian lehenengoz adin-tarte horrentzako kirol eskaintza propioa martxan jarriko baita.


