Berriak
Atzealdea
Etorriberriei euskara hurbiltzen laguntzeko boluntario taldea osatu nahi du Udalak
Lehenengo bilera datorren asteartean izango da
2023·11·02
Hernaniko bizilagun etorriberriei euskararen lehen oinarriak erakusteko prest dauden herritar boluntarioen sarea osatu nahi du Udalak. Horretarako, lehenengo bilera deitu du datorren azaroaren 7rako (asteartea), Kulturarteko Plaza Feministan (17:30ean). Boluntario izango direnen lana errazteko, Udalak orientatzaile bat jarriko du.
Udalaren Kulturartekotasun saila eta Euskara zerbitzuak, AMHER elkartearekin batera, dira ekimena bultzatzen dutenak.
AMHER elkartea da herrian etorriberriei harrera egiteko gune nagusietako bat, eta hizkuntza harrera ere eskaintzen du. AMHERreko bolondresek urteak daramatzate euskarazko lehen oinarriak emateko ikastaroak eskaintzen.
Harreran alde garrantzitsua da hizkuntza
2021eko datuen arabera, hernaniarren %10,3 jatorri atzerritarrekoa da; Hernani hazten ari bada, etorriberriei esker da. Denoi dagokigu pertsona horiei harrera egokia egitea, eta harreraren alde garrantzitsuetako bat hizkuntzarena da; euskararena, guri dagokigunez.
Jon Maia bertsolariak pasa den irailaren 21ean Kulturarteko Plaza Feministan euskal hiztunoi emandako hitzaldi hunkigarrian adierazi zuenez, “etorriberriak sustraiak dira, lurrik gabeko sustraiak, hazi eta enbor, adar, hosto eta frutiu bihurtzeko prest. Guk, euskaldunok, lagundu behar diegu sustrai horiei lurra ematen, zuhaitz bihur daitezen. Euskaldunok bidelagun izan behar gaituzte euskararen lurrera hurbil daitezen”.
Hainbat pertsonak hitzaldiaren ondoren bertan eman zuten izena boluntario izateko, baina talde hori handitu eta osatu nahi da. Horregatik, herritar euskaldunak animatu nahi ditugu boluntario izan eta bilerara etor daitezen, “sustrariak zuhaitz bihurtzen lagun dezaten”.