Berriak
Atzealdea Etorriberriei euskarara eta euskal kulturara hurbiltzen laguntzeko bolondresentzako bilera
2024·09·13
Udaleko Euskara eta Kulturartekotasun sailek eta AMHER-Sos Arrazakeriak irailaren 17an Hernaniko herritar euskaldunentzako bilera antolatu dute (Kulturarteko Plaza Feminista, 18:30), etorri berriei euskara eta euskal kulturara hurbiltzen laguntzeko bolondres izan daitezen.
Iaz zortzi bolondres eta 18 etorriberri aritu ziren euskararekin eta euskal kulturarekin lehen harremana lantzen AMHER-Sos Arrazakeriaren bidez. Bolondresen sarea osatu eta zabaltzea da bileraren helburua.
“Oso garrantzitsua dua euskaldunok etorriberriengana hurbiltzea; aukera paregabea dugu euskaldun berriak sortzen laguntzeko”; gisa horretara animatu nahi dituzte herritar euskaldunak Udalak eta AMHER-Sos Arrazakeriak. “Haiek adina jasoko dugu guk euskaldun bezala; baina baita pertsona bezala ere, harremanek iraun egingo baitute”.
Harreraren alde garrantzitsua, hizkuntza
2021eko datuen arabera, hernaniarren %10,3 jatorri atzerritarrekoa da. Horiei harrera egokia egitea dagokio Hernaniri herri gisa eta harreraren alderdi garrantzitsuetako bat hizkuntza da.
AMHER-Sos Arrazakeria elkartea herrian etorriberriei harrera egiteko gune nagusietako bat da, eta hizkuntza harrera ere eskaintzen du. Urteak daramatza elkarteak euskarazko lehen oinarriak emateko ikastaroak eskaintzen bolondresen bidez. Aurten, Udalak orientatzaile bat jarriko du bolondresei laguntzeko.