Berriak

Atzealdea Etxe hutsen jabeak bilera informatibora deitu ditu Udalak

Etxejabeentzako eta alokairurako zerbitzuak aurkeztu eta, etxe hutsei ezarrizko zaizkien neurriak azalduko dira

2026·02·05


Datorren ostegunean, hilak 12, Hernanin etxebizitza hutsak dituzten etxejabeentzako bilera deialdia egin du Udalak. Bilera udaletxeko areto nagusian izango da, 18:00etan. 

Bileraren helburua Etxebizitza Tentsio Eremu izendapenaren ostean etxebizitza hutsen inguruan ezarriko diren lehen neurriak azaltzea (Ondasun Higiezinen gaineko Zergan %150eko errekargua eta kanona) eta, horrez gain, etxejabeentzako eta etxe hutsak alokairura bideratzeko dauden zerbitzu eta programak azaltzea izango da.  

Etxe hutsak merkaturatzeko alokairu-programen eta haien abantailen arloan, Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituen zein Limes higiezin sozialarekin propio Hernanirako sortutako hutsUnea egitasmoa aurkeztuko dira. 

Hernanin martxan jarri berri den Etxebizitza Behatokiaren berri ere emango da, eta etxejabeei bertatik eskainiko denari buruz informatu. Etxebizitza Behatokia Hernani Burujaberen Etxegurarekin batera jarri da abian. Hain zuzen ere, Etxeguraren Jabe Solidarioen Sareak egiten duen lana ere aurkeztuko da bertan. 

"Lankidetza etxebizitzaren erronka sozialari aurre egiteko"

Aste honetan bertan jaso du Hernanik Bizitegi Merkatuan Tentsio Handiko izendapena, ofizialki. 

Etxebizitza hutsak mobilizatzea da Udalaren helburua, "Hernanin lan eta bizi nahi dutenei aukera emateko; helburua ez da etxejabeak zigortzea". Udalaren datuen arabera, 779 etxebizitza huts daude Hernanin.

"Etxebizitza da Hernanik gaur egun duen erronka sozial nagusietako bat, eta sinetsita gaude jabeen parte-hartzea eta lankidetza funtsezkoa direla egoera hori erantzun eraginkorra emateko", adierazi du Hernaniko Udalak.