Berriak
Atzealdea

Etxebizitza alokairuan hartzeko dirulaguntzetara 133.000 euro bideratuko ditu Udalak

Zazpigarren urtez, etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntzak bideratuko ditu Hernaniko Udalak. Guztira, 133.000 euroko partida bideratuko du Udalak horretarako. Bi modalitate daude: gazteenak (18-35 urte bitartekoena) 76.500 euroko partida du eta helduenak, (<36 urtetatik gorakoena) 56.500 euroko partida. Eskaerak egiteko epea maiatzaren 19an bukatuko da.

2021·03·22


Hernaniko Udalak etxebizitzaren alokairua ordaintzera bideratutako laguntzek bi helburu nagusi dituzte: gazteak, bereziki, emantzipazio bidean laguntzea eta herrian etxebizitzen alokairua sustatzea. Deialdia Hernaniko herrian alokairuan bizi diren 18 urtetik aurrerakoei zuzendua dago.

2021eko deialdian kontuan izateko hainbat aldaketa daude.

1. Diruz lagunduko diren alokairu-gastuen epea luzatu 12 hilabetekoa izango da: 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31 arteko alokairu-gastuak lagunduko dira.

2. Erroldari dagokionez, errolda epea murriztu egin da. Hernanin erroldatuta egotea ezinbestekoa da gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin etenik gabe, dirulaguntza eskatzeko epea amaitzen den egunetik atzera kontatzen hasita. Hau da, 2020ko azaroaren 19ra arte erroldatutakoek eskatu ahalko dute.

3. Diruz lagunduko diren gehienezko alokairu-errenta 700 eurokoa izango da.

4. Bizikidetza-unitateko diru-sarreren mugak aldatu dira
- Bakarka: 28.000€ gordin urtean.
- Kide bat baino gehiago: 39.000€ gordin urtean.
- Autonomoei 22.000€ko sarrerak dituztela kontabilizatuko zaie.

5. Eusko Jaurlaritzak onartuak dituen alokairu laguntzen deialdiek lehentasuna izango dute udal laguntza hauekiko:
    • Gaztelagun
    • DSBEren EPO laguntza
    • GLL
    • Prestazio Subjektiboaren Eskabidea

2021eko deialdiaren laburpena gaur, martxoaren 18an, argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Oinarriak udaletxeko iragarki taulan eta udaleko web-orrikoan argitaratuak daude. Herritarren Harrera Zerbitzuan-hhz oinarri inprimatuak eskuratu daitezke.

Eskaera egiteko epea 2021eko maiatzaren 19an amaituko da. Eskaera-orria eskuragarri dago udal webgunean eta Herritarren Harreta Zerbitzuan-hhz. Eskaera-orria egoki bete eta beharrezko dokumentazioa atxikita udal erregistroan aurkeztu behar da. Aurreko urteetan eskatzaile izan bazara, eta dagoeneko eskatzen den dokumentazioa Udalean badago, ez duzu berriro aurkeztu beharko.

Behin eskaera guztiak aztertuta, beharrezkoa den kasuetan, dokumentazioa eskatzeko epea zabalduko da. Eskatzaileari gutun bidez jakinaraziko zaio zein dokumentazio aurkeztu behar duen.

Ekaina amaiera aldera espero da dirulaguntzaren behin-behineko ebazpena. Eskatzaileei gutun bidez jakinaraziko zaie onuradun izan diren eta horrela bada zenbateko dirulaguntza jasoko duten. Dirulaguntza bi zatitan ordaintzen da. Lehen ordainketa ebazpenaren ondoren egiten da, horretarako dagokion dokumentazioa aurkeztu ondoren. Bigarrena, berriz, 2022ko urtarrilean izango da.

Dirulaguntza hauen kudeaketa Politika Sozialetako Haur, Nerabe eta Gazteria Arloak eramaten du. Informazio zehatzagoa behar izanez gero, ondorengo harremanerako bideak ditugu: gazteria@hernani.eus edo 943 575435 (Amaia).

Oinarriak eta eskaera-orria