Berriak

Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatua izateko lehenengo urratsa egin du Hernanik

2024·07·16


Merkatuko prezioak erregulatzeko eta horiei eusteko helburuz, Eusko jaurlaritzako Etxebizitza Sailak bidea zabaldu du hainbat Udalek udalerria Tentsio Handiko Bizitegi Eremu izendatzeko. Horretarako, legeak ezartzen dituen irizpideetako bat betetzen duten Udalek eskaera egin behar dute.

Horrekin batera, etxebizitzaren inguruko herriko diagnostikoa eta egoerari aurre egiteko lan ildoa izango den hiru urterako ekintza-plana ere aurkeztu behar dituzte. Bide horretan hasita dago Hernaniko Udala.

Izan ere, Espainiako Etxebizitza Legeak eremu bat tentsionatua den izendapena jasotzeko jartzen duen baldintzetako bat betetzen du Hernanik, hau da, familiek etxebizitza gastuetarako erabili behar duten dirua batez besteko diru sarreren %30 baino gehiago izatea. Hernaniren kasuan, %30,5 ordaintzen dute herritarrek, batez beste, etxebizitza gastuetarako.

Datu hori eskuan, Eusko Jaurlaritzari egingo dio Hernaniko Udalak etxebizitza gune tentsionatu izendapena jasotzeko eskaria, hark erabaki dezan. Helburu horrekin lotuta, egin beharreko bigarren pausoan lanean hasiko da, hau da, ekintza plana lantzen.

Udalak uste du guztiz justifikatuta dagoela Hernani etxebizitza eremu tentsionatu izendatzea: “Datu demografikoek eta etxebizitzaren erabilera datuek aditzera ematen dute Hernaniko etxebizitza parkea azken urteetan presio handia jasaten ari dela: etxebizitza eskaria oso handia izan da, Donostiak eskualdean eragiten duen prezio altuarengatik, eta eskaintza urriagatik, nagusiki”.

Herritarrek batez besteko errenta baino %30 gehiago bideratzen dute etxebizitza gastuetarako, baina are eta handiagoa da kopuru hori emakumeak familia errentaren hartzaile nagusiak diren kasuetan (%35), eta are eta gehiago etxebizitza batean pertsona bakarra bizi den kasuetan (%60,69).

Legeak eremu bat tentsionatua izatearen izendapena emateko aurreikusten duen beste baldintza ez du bermatzen Hernanik, hau da, 2018-2023 aldiko alokairu-errentaren igoera ez da izan KPIrena baino hiru puntu altuagoa, legeak eskatzen duen moduan, baizik eta KPIren igoeraren parekoa. Hala ere, diagnostikoak argi dio: “Alokairuaren prezioak erregulatu ezean, Hernanin dagoen etxebizitza eskaintza urriaren eta eskari handiaren ondorioz, prezioek handitzen jarraituko dutela pentsa daiteke”.

Biztanleria hazteko joera

Bizitegi merkatuaren inguruko diagnostikoak datu esanguratsu ugari ematen ditu. Besteak beste, agerian utzi du udalerrian biztanleria hazteko dagoen joera. 2000-2024 urteen artean %9,3 handitu da Hernaniko biztanle kopurua, eta 18.698 biztanle izatetik 20.429 izatera igaro dira bertako herritarrak. Izan ere, migrazio saldo positiboa du herriak, bi faktoreren ondorioz: batetik, emantzipatzeko edo familia bat osatzeko garaian Hernanik Donostiako etxebizitzen garestitzearen aurrean eskaini izan duen bizitoki aukera; eta, bestetik, Donostiaren metropolizazio prozesuak atzerritik biztanleria erakartzeko duen gaitasuna. Joera horrek bere horretan jarraituko du aurrerantzean ere, diagnostikoan egin dituzten proiekzioen arabera. Hau da, hurrengo 15 urteotan %5,5 inguru handituko da Hernaniko biztanle kopurua, orain arteko joerek jarraitzen baldin badute.

Herritar gehiago bizitzeaz gain, bizikidetza unitateak ere gehiago dira. 2009-2024 urteen artean %12,8ko hazkundea izan du bizitoki kopuruak, 7.632 izatetik 8.609 izateraino. Bi arrazoi daude horretarako: jende gehiago bizi dela Hernanin, baina baita ere, etxe bakoitzean bizikide gutxiago bizi dela, batez beste.

Etxebizitzak ere gehiago daude. 2010 eta 2022 urteen artean %12 hazi da etxebizitza parkea, Donostialdean eta Gipuzkoan baino gehiago. Alabaina, bizikidetza-unitateak %9,6 inguru haziko dira 2039 bitartean, diagnostikoaren arabera, alegia, 800 bizitoki gehiago izango dira gaur egun baino.

Horren guztiaren ondorioz, Hernaniko etxebizitza parkearen erabilera “oso intentsiboa” da, eta horren erakusgarri da, esate baterako, inguru geografikoan baino gutxiago direla etxebizitza hutsak.

Etxebizitza eskari handia

Etxebideren erregistroaren arabera, etxebizitza eskari handia dago Hernanin, Astigarragan salbu, Donostialdeko beste edozein herritan baino handiagoa. Diagnostikoak agerian utzi du merkatu librea dela Hernanin nagusia, eta 2004 eta 2023 urteen artean egindako salerosketa guztien %88,7koa merkatu horretakoa izan dela. Eskualdean etxebizitzen prezioa altua da, eta Hernaniko prezio zehatzik ez badago ere, diagnostikoaren arabera, bertan etxebizitza eskuratzeko prezio merkeagoa eskaini zaie eskualdeko herritarrei. Hori izan daiteke, besteak beste, Donostialdetik gazte ugari iritsi izanaren arrazoietako bat.

Horrez gain, Jaurlaritzaren etxebizitza programek ahalmen eskasa izan dute Hernanin, eta horren erakusgarri bat da soilik etxebizitza parkearen %8,3 dagoela babestua. Alokairuan dauden etxebizitzen kopurua (%15,3) Gipuzkoaren parekoa bada ere, etxebizitzak alokatzeko dinamikak ez dira positiboak. Adibide gisa, Jaurlaritzan azken bi urteotan jaso diren Hernaniko alokairu libreko fidantzen gordailu kopuruak nabarmen egin du behera azken bi urteotan.

Gazteen emantzipazio tasari dagokionez, udalerriko 18-34 urte bitarteko gazteen %33,4 emantzipatuta daude, Gipuzkoako batez besteko kopurua (%35) baino pitin bat gutxiago

​​​​​​​

 

​​​​​