Berriak
Atzealdea

Etxebizitzaren alokairua ordaintzeko dirulaguntza jasoko dute 104 hernaniarrek

Aurten eskaera kopurua mantendu egin da, guztira 94 eskari jaso dira (batzuk familia-unitateak dira). Gazteen eskariak %51 izan dira, beraz, esan daiteke 36 urtetik gorakoen eskariak gazteen eskari kopuruetara parekatu direla. Eskatzaile kopurua ere, beste urteetakoen aldean, oso antzekoa izan da. Guztira, 104 pertsonek jasoko dute dirulaguntza.

2022·08·17


2015 urtetik aurrera, Hernaniko Udalak etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzeko dirulaguntzen deialdia egin du. Dirulaguntza horiek bi helburu nagusi dituzte: gazteak, bereziki, emantzipazio bidean laguntzea eta herrian etxebizitzen alokairua sustatzea. Zazpigarren deialdiarekin diruz lagunduko diren alokairu-gastuak 2022ko urtarriletik abendura bitartekoak izango dira.

Azpimarratzekoa da gero eta Hernaniko gazte gehiagok jasotzen dutela Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen Gaztelagun programako alokairu-laguntza. 2022ko deialdian egin diren hobekuntzak lagungarri izan dira dirulaguntza gazte gehiagorengana iristeko. Horrek ekarri du Hernaniko Udalak eskaintzen dituen dirulaguntzetan gazteen eskari kopurua aurreko urteetan baino baxuagoa izatea.

2022ko deialdirako 186.000 euroko partida bat bideratu du Udalak, inoizko partida handiena: 93.000 euro 18-35 urte bitartekoentzat eta 93.000 euro 36 urtetik gorako eskatzaileentzat.

Behin eskari guztiak aztertuta, behin-behineko ebazpena onartu eta argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Diru-laguntza bi zatitan ordaintzen da. Lehen ordainketan urtarrila eta ekaina bitarteko alokairu gastuak lagunduko dira. Bigarrenean, berriz, uztailetik abendura bitartekoak.