Berriak

Atzealdea Etxebizitzaren alokairua ordaintzeko dirulaguntzen behin-behineko ebazpena argitaratu da

2025·01·24


Hamargarren urtez, Hernaniko Udalak etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzeko dirulaguntzen deialdia bideratu du, eta 210.000 euroko diru partida erabiliko du horretarako.

Izena emateko epea 2024ko irailaren 30ean bukatu zen, eta diruz lagunduko diren alokairu-gastuak 2024ko urtarriletik abendura bitartekoak izango dira.

Deialdi honetan aurrekoan baino 5 eskaera gutxiago izan dira: guztira 86 eskari jaso dira. Gazteen eskariak 29 izan dira, eta 36 urtetik gorakoenak, 57.

Azpimarratzekoa da gero eta Hernaniko gazte gehiagok jasotzen dutela Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen Gaztelagun programako alokairu-laguntza. Horrek ekarri du Hernaniko Udalak eskaintzen dituen dirulaguntzetan gazteen eskari kopurua aurreko urteetan baino baxuagoa izatea.

Behin eskari guztiak aztertuta, behin-behineko ebazpena onartu eta argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Ondorioz, udaletxean alegazioak egiteko azken eguna otsailaren 6a izango da, eta onuradunek justifikazio dokumentuak erregistratzeko azken eguna otsailaren 24a.

 

Ebazpena udaletxeko iragarki taulan eta web orrian dago ikusgai.

​​​​​​​

Floridako hiru etxe; epea amaitzear

Bestalde, Hernaniko Udalak Florida 25B zenbakian (Tudor enpresaren kokaleku izan zen partzela) dituen babes ofizialeko 3 etxebizitzak alokairu sozialean eskuratzeko izena emateko epea urtarrilaren 29an bukatuko da.

Etxebizitza guztiek bina gela dituzte eta etxebizitzetako bat egokitua da.Bi etxebizitza 70 urte edo gehiagoko kideren bat duten bizikidetza unitateei zuzenduta daude eta etxebizitza egokitua mugikortasun urri iraunkorra duen kideren bat duten bizikidetza unitateei; bi kasuetan gehienez ere lau kideko bizkidetza-unitateak izango dira.
 

Oinarriak eta eskaera-orriak Hernaniko Udalaren Herritarren Harrera Zerbitzuan zein Udalaren web orriaren (www.hernani.eus) iragarki taula atalean eskuragarri daude.

Talde bakoitzerako eskabide orri ezberdina dago eta hortaz, dagokion taldeko eskabide-orria aurkeztu beharko da oinarrietan kasu bakoitzerako zehaztutako dokumentazioa erantsiz.

 

Eskaerak aurkezteko modua: Telematikoko Hernaniko Udalaren web orrian, aurrez aurre Hernaniko Udaleko Herritarren Harrera Zerbitzuan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen lekuetan.