Berriak
Atzealdea Etxeko zaintza zerbitzuaren kalitatea eta langileen duintasuna erdigunean jarriko dituen erregelamendua eta lizitazioa onartu ditu Udalak
2025·10·01
Hernaniko etxeko zaintza zerbitzuaren kalitatea hobetzeko urrats garrantzitsua eman zuen atzo Hernaniko Udalak, udalbatzan erregelamendu berria eta zerbitzuaren lizitazio berria onartuta. Xabier Lertxundi alkateak adierazi duenez, "Hernaniko Udalarentzako apustu handia da hau, baina zaintza publiko-komunitarioan sinesten dugunez, aurrerapausoak ematea dagokigu. Uste dugu hau dela jarraitu beharreko bidea, udal bakoitzaren aukeren arabera. Eta Hernanin, urratsak emateko aukera badugula ikusi dugu".
Hobekuntza, batez ere, etxeko zaintza zerbitzuan lanean ari diren emakumeek sumatuko dute. Izan ere, soldata-hobekuntzaz gain, formakuntza-orduak, lan orduen murrizketa edota baimen eta lizentzia berriak edukitzea ahalbidetuko du. "Zaintzaileen lan- eta bizi-baldintzak hobetzeak zainduaren bizi-kalitatea hobetzen duela badakigu", adierazi du Xabier Lertxundi alkateak.
Aste honen hasieran bertan, Hernaniko etxeko zaintza zerbitzuko langile batzordeak enpresarekin lortu duen tokiko lan-hitzarmenaren berri eman zuen. Udalak tokiko lan-hitzarmen hori babestu eta txalotu du. Hori dela eta, aurrerantzean etxeko zaintza zerbitzua bideratuko duen enpresak tokiko lan-hitzarmen hori bete eta errespetatu beharko du, "udalaren lizitazioan jaso den bezala".
"Datorkigunari erantzungo dion zerbitzu publiko bat nahi dugu", adierazi du Lertxundi alkateak.
Helburua, "zaintza publiko-komunitariora aldaketa"
Xabier Lertxundi alkateak adierazi duenez, "Udalaren helburua etxeko zaintza zerbitzuko langileen lan-baldintzak euren kategoriako udal langileen baldintzetara gerturatzea da". Horretarako, lau urtean orain arte baino ia milioi bat euro gehiago bideratuko ditu Hernaniko Udalak zerbitzu honetara; 2026an bertan, 300.000 €ko igoera izango du zerbitzuaren partidak (guztira, 1.793.643,48 €).
"Hernaniko Udalak sektoreko eragileekin partekatzen duen zaintza estrategia osoaren barruan, etxeko zaintza zerbitzua estrategikoa deritzogu", nabarmendu du Lertxundik. "Hernani herri zaintzailea izatea nahi dugu, zainketak ikuspegi feminista eta komunitariotik bideratuko dituena". Egun, zaintzen arloa erabat feminizatua da. "Zaintzaren balio sozial, ekonomiko eta politikoa aldarrikatzen dugu, eta erakunde publiko gisa horretan dugun erantzukizunak garamatza eman dugun urratsa ematera".
"Zaintza sistema publiko-komunitariora bidean, eredu aldaketa eman behar da", azaldu du Lertxundi alkateak, Zerbitzu Sozialetako arduradun ere badenak. "Hernani Burujabeko Zaintza Mahaian ere behin baino gehiagotan hitz egin izan da etxeko zaintza zerbitzuaren egoeraz, eta haren onespena ere badu egin dugun hobekuntza honek".
Udal Erregelamendua aldatuta, ezinbestekoa izan da etxeko zaintza zerbitzuaren kontratua berriz lizitaziora ateratzea. Gainera, abenduaren 31n bukatuko da orain arteko lizitazioaren aldia. Beraz, 2026an jarriko da martxan etxeko zaintza zerbitzuaren kontratu berria, langileen lan-baldintza "duinagoak" ahalbidetuko dituena.

