Berriak
Atzealdea

Herrian egindako erosketak etxera eramateko zerbitzua martxan dago jada

Etxez etxeko banaketa sistema martxan dago jadanik. Herriko denda batean erosi eta erosketa etxera bertara eramango dizute triziklo elektriko batean. Banaketa astelehenetik ostiralera bitartean, 18:30etik 20:30era, egingo da. Lehen sei hilabeteetan doakoa izango da zerbitzua.

2021·02·12


"Joan zen astean merkatarien erakusleiho digitala aurkeztu genuen. Hernaniko Plaza izena duen ekimen honi esker, herriko denda eta negozioek aukera dute haien txokoa, haien negozioari buruzko informazioa, produktuak, harremanetarako datuak eta sare sozialak herritarren eskura jartzeko. Eta, gaur aurkezten ari garen etxez etxeko banaketa sistemak, hain zuzen ere, erakusleiho digitalaren zerbitzua osatzeko helburua du. Espero dugu bi ekimen horiek herriko denden eta herritarren arteko hartu-emana indartuko dutela", esan du Patxi Ibarguren Tokiko Garapeneko zinegotziak.

Hernaniko Plazak, beraz, herriko denden eskaintzari ikusgarritasuna ematen laguntzen du eta, banaketa sistemak, erosketak etxera eramateko sistemak, ostera, produktua ikustetik erosterako pausoa ematen lagunduko duela espero da. 

Etxez etxeko banaketa sistema Hernaniko establezimendu guztiei irekita dago (erakusleiho digitala dagoen bezalaxe). Hala ere, Udala Berriak elkartearekin elkarlanean aritu da horren diseinuan eta sustapenean.

Hau proiektu pilotu bat da, merkataritza jarduera suspertzea, enplegua mantentzea eta Hernaniko bizilagunei balio erantsiko zerbitzuak eskaintzea helburu du. Esan bezala, "etxez etxeko zerbitzu honek tokiko saltokiei lagunduko die pertsonen erosteko ohitura berrietara egokitzen, eta, gainera, www.hernanin.eus proiektua osatuko du", erantsi du Ibargurenek.

Zerbitzuaren ezaugarriak

Banaketa zerbitzu hau laguntza elektrikoa duen triziklo baten bidez egingo da. Triziklo honek egitura bat izango du aurrealdean, eta herriko saltokietako produktuak Hernaniko etxeetara eramatea ahalbidetuko du.

Zerbitzua Hernaniko establezimendu guztientzat dago irekita eta astelehenetik ostiralera emango da.

Paketeak erosleen etxeetan 18:30etik 20:30era entregatuko dira. Oraingoz, ez da produktu berorik edo izozturik banatuko. Trizikloaren tamaina kontuan hartuta, kalkulatzen da egunero 12-15 entrega egin daitezkeela bi orduko tarte horretan.

Zerbitzu honek Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren hasierako laguntza ekonomikoa izango du, eta, horregatik zerbitzuak ez du saltokientzat kosturik edukiko lehen 6 hilabeteetan.

Momentuz 45 negoziok eman dute izena zerbitzuan, "baina kanpaina bat egiten ari gara merkatariekin eta espero dugu laster askoz gehiago izatea", azaldu du zinegotziak.

Zerbitzuan izena eman nahi duen merkatariak Udaleko Merkataritza Arloko bulegora joan beharko du (Biteri kultur etxean). Bertan azalduko diote zer egin. Merkatariek bezeroekin adostu ondoren, banaketa sistemako arduradunari jakinarazi beharko dio bidalketa nora egin nahi duen. Eskatzeko ordu muga arratsaldeko 18:00ak izango da.

Sisteman izena eman duten saltokiak (2021-02-12)