Berriak
Atzealdea Europako funtsaren ia 200.000 euroko diru laguntza jasoko du Hernaniko Udalak Biteri kultur etxearen birgaitze energetikoaren obrarengatik
2023·01·26
Next Generation EU funtsaren barruan dagoen PREE programaren helburua da aurretiaz dauden eraikinetan (berriak ez direnak) birgaitze energetikoko jarduketak sustatzea. Hernaniko Biteri kultur etxeko obrei dagokienez, 58 leiho berri jarri eta fatxadaren isolamendua hobetzen ari dira eta, horren ondorioz, energiaren kontsumoa nabarmen murriztuko da. Izan ere, birgaitze energetikoa egin aurretik, eraikinaren kalifikazio energetikoa “E” zen (256,3 kw/m2 urteko). Birgaitzearen ondoren, “B” kalifikazioa lortuko du (145,6 kw/m2 urteko).
Udalak Europako funtsetara aurkeztu duen esku-hartzearen kostua 471.012,80 eurokoa da. Obra horretan, inguratzaile termikoaz gain, aireztapen sistema ere ipiniko da. Obraren osoaren kostua 667.032,84 eurokoa da (BEZ barne). Aste Santuaren bueltan amaitzea aurreikusten da.
Biteri kultur etxearen birgaitze energetikoaren bigarren esku-hartzea da egun egiten ari dena. Izan ere, 2020ko azarotik 2021eko otsailera bitartean lehen fasea egin zen. Horretan eraikinaren aurrealdeko beste 58 leiho berritu ziren eta fatxadaren isolamendua ere egin zen. Horrekin batera, 100 luminaria ere berritu ziren eraginkorragoak izan zitezen. Obra haien kostua 185.000 eurokoa izan zen.