Berriak
Atzealdea Europako Zero Zabor Ziurtagiriaren laugarren izarra lortu du Hernanik
2026·04·16
Hernanik Europako hiri eta herrientzako hondakinen kudeaketako Zero Zabor Ziurtagiriaren laugarren izarra jaso berri du. Ziurtagiri honen helburua zero zaborrera trantsizioa eta tokiko mailan ekonomia zirkularra sustatzen duten herriak eta hiriak aitortzea da.
2023an eskuratu zuen Hernanik Zero Zabor Ziurtagiria. Ziurtagiriak dituen bost izarretatik hiru jaso zituen orduan. Ordutik egindako lanaren eta hobekuntzen ondorio da orain eskuratutako laugarren izarra. "Izar berri hau Hernaniko Udalak zein Hernaniko herritarrek hondakinen kudeaketan egindako lanaren errekonozimendua da", adierazi du Hernaniko Udalaren izenean Xabier Lertxundi alkateak.
Zero Waste Cities & Towns ziurtagiria hirugarren batek ebaluatutako Europako ziurtagiri estandarra da, Zero Waste Europek sortua eta Mission Zero Academyk (MIZA) zuzentzen duena.
Sailka biltzetik haratago doan hondakinen kudeaketa
Otsailean, kanpo auditoria egin zuen Rezero fundazioak Hernaniko Udalaren hondakinen kudeaketa politika eta jarduna baloratzeko. Auditoria hortan bildutako adierazleak jaso eta baloratu ditu MIZAk.
Dagoeneko egonkortuta dauden atez ateko sailkako bilketa (%80ko sailkako bilketa tasa du Hernanik), konpostaje deszentralizatua (etxeko zein auzo konposta) edota sortzearen araberako ordainketaz gain, "Hernanin azken urteetan Zero Hondakinaren Estrategian emandako urrats garrantzitsuak" egin direla azpimarratu du MIZAk laugarren izarra emateko momentuan. "Hernaniko Hondakin Bulegoaren lana eta inplikazioa ere" aitortu ditu MIZA erakundeak.
Azken urteetan, proiektu berriak sortu ditu Udalak zero zabor bidean: trukehernani.eus webgunea; Asteklimako tailerrak; sortzez besteko sistemaren ezarpenaren aurrerapenak; autokonponketa tailerra...
Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, "Udalaren helburua zero zabor bidean jarraitzea eta hondakinen kudeaketa eta proiektuen etengabeko hobekuntza" dira. Horretarako, "martxan dauden egitasmoak fintzen eta bestelako ekimen berriak sortzen eta sustatzen jarraituko dugu; esate baterako, aste honetan bertan aurkeztu den elkarlana Hernaniko garbigunearen eta trukehernani.eus-en artean edo etxeko konposta egiteko martxan daukagun kanpaina berria".
2010ean atez ateko bilketa sistema martxan jarri zenean, hondakinak sailkatu eta bakoitza egoki birziklatzera bideratzea izan zen helburu nagusia. Azken urteetan, haratago eman du urratsa Udalak. Izan ere, hondakinik onena, sortzen ez dena leloarekin bat eginez eta hondakinen kudeaketa eredugarrian nazioartean dauden irizpideei jarraiki, batez ere sortzen den hondakin kopurua murriztea eta berrerabilpena sustatu nahi dira, sortuak dauden hondakinak egoki kudeatzearekin batera.


