Berriak
Atzealdea Euskal komikizaleen urteko zita badator: Hernanikomik
2025·10·23

Euskal komikiaren zaleek zita garrantzitsua izango dute azaroan Hernanin. Izan ere, aurten ere euskarazko komikiaren erdigune bihurtuko da gure herria, Hernanikomiki esker. Hauxe da Euskal Herri osoan euskara hutsezko komikigintzari bideratuta dagoen azoka bakarra.
Azaroaren 21 eta 22an ospatuko da IV. Hernanikomik, Udalaren, udal liburutegiaren eta hainbat komikizaleren arteko elkarlanari esker soilik dena posible. Aitor Huizi Kultura zinegotziak adierazi duenez, "Durangoko Azoka izan ohi da euskal literaturaren urteko erakusleiho garrantzitsuena; haren aurretik, euskal komikigintzaren uzta bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu hernaniarrok eta Hernani hurbiltzen direnek".
Asisko Urmenetak sortu du aurtengo kartela.
Azoka, komiki aurkezpenak eta bestelako kultur ekimenak, Atsegindegin
Atsegindegi izango da Hernanikomiken bihotza. Han, argitaletxeen postuak egoteaz gain (11etatik 14etara eta, 17etatik 20etara), komiki-aurkezpenak, tailerrak, zuzeneko marrazketak, sari-banaketak, musika eta bestelakoak topatuko dituzte komikizaleek eta bertara hurbiltzea erabakitzen duten kultur- eta euskaltzaleek.
Aurtengoan, bederatzi komiki-aurkezpen izango dira bi egunez, arratsaldeetan: Antzuolako alardea (Xabier Sagasta); Udalbitzaren Geuretik Sortuak egitasmoa (Uxue Bereziartua, Usue Egia, Gaston, Eneritz Ibarra eta Patrizia Etxegarai); Linbo Planeta (Dejabu eta Paula Estevez); Flanchin anaien abentura ikaragarrizkoa (Marko eta Philip Charlot); Kontua eta zikina (Eneko eta Ibai Iztueta, eta Aritz Vieites); Kateriñe (Maitena Illarramendi eta Iñigo Sarasola); Azken afaria (Beñat eta Unai Gaztelumendi); Medium (Martin eta Xabier Etxeberria) eta Maurizia: Biziminaren hotsa (Garbiñe Ubeda eta Garluk). Ubeda bera, Iñaki Otamendi eta Iratxe Retolaza ariko dira aurkezle lanetan.
Jose Angel Lopetegi 'Lope'k jasoko du aurtengo Joseph Camino saria
Hernanikomik-en, urtero, euskal komikigintzan egindako ibilbidae saritzeko Joseph Camino saria ematen da. Aurtengoan, Jose Angel Lopetegi Lope-k jasoko du. Ipurbeltzen aritutako da, eta Gabairen atzean ere badago bere eskua. Horrez gain, marrezki bizidunen arloan ere aritutakoa da: Kalabaza Tripontzia, Lazkao Txiki, Txirrita edota Karramarro Uhartea-n.
Biteri kultur etxean ikusgai egongo den erakusketa haren lanari buruzkoa izango da, azaroaren 10etik 22ra.
Bertso-marrazki afarirako txartelak, bihartik salgai
Aurten, lehenengo aldiz, bertso-marrazki afaria ere izango da Hernanikomik-en baitan. Bertsotan, Eli Pagola eta Miren Artetxe ariko dira. Marrazten, aldiz, Adur Larrea eta Dom Campistron.
Afaria Sant Barbara elkartean izango da, azaroaren 21ean, 21:00etan. Afaritarako txartelak bihartik aurrera egongo dira salgai Biteri kultur etxean (23 €). Txartela erostera Hernanira hurbiltzeko aukera ez duenak, liburutegi@hernani.eus-era idatzi eta afari-txartelak erreserbatzeko aukera izango du.
EGITARAUA:
Azaroak 21, ostirala:
Azoka Atsegindegin: 11:00-14:00/17:00-20:00
12:00: Markoren mundua
17:00: Doberaren VI. Kromiki lehiaketaren sari-banaketa
Komiki aurkezpenak, Garbiñe Ubeda eta Iñaki Otamendik gidatuta:
17:30: Antzuolako alardea. Xabier Sagasta
18:00: Geuretik sortuak: Uxue Bereziartua, Usue Egia, Patrizia Etxegarai, Gaston eta Eneritz Ibarra.
19:00: Linbo planeta. Dejabu konpainia eta Paula Estevez.
19:30: Flanchin anaien abentura ikaragarrizkoa. Marko eta Philip Charlot.
20:00: Philip Charloten gitarra kontzertua.
21:00: Bertso-marrazketa afaria.
Azaroak 22, larunbata:
Azoka Atsegindegin: 11:00-14:00/17:00-20:00
12:00: Joseph Camino sari-banaketa: Jose Angel Lopetegi Lope.
12:30: Dzirt-dzart. Zuzeneko marrazketa: Iñaki Holgado eta Amaia Carrere.
Komiki aurkezpenak, Garbiñe Ubedak eta Iratxe Retolazak gidatuta:
17:00: Kontua eta zikina. Eneko eta Ibai Iztueta, eta Aritz Vieites.
17:30: Kateriñe. Maitena Illarramendi eta Iñigo Sarasola.
18:00: Azken afaria. Beñat eta Unai Gaztelumendi.
18:30. Medium. Martin eta xabier Etxeberria.
19:00: Maurizia: biziminaren hotsa. Garbiñe Ubeda eta Garluk.
19:30: Maurizia gogoan trikitixa-saioa (Eider, Lierni eta Elaia)

