Berriak

Atzealdea Euskara ikasi edo hobetzeko sekula baino erraztasun eta aukera handiagoa izango da Hernanin ikasturte honetan

Aurten A1 mailak ere prezio berezia izango du

2024·09·10


2024/2025 ikasturtea hasi den honetan, herrian euskara ikasi edo hobetzeko dagoen eskaintzaren berri eman dute Udalak, Udal Euskaltegiak, Hernaniko AEK-k eta Dobera Euskara Elkarteak.

Axier Mingo Euskara eta Hezkuntza zinegotziak hernaniarrak “euskara ikasi eta hobetzera” animatu ditu aurten ere, eta horretarako, herrian “aukera aproposak” egoteaz gain, “erraztasunak gero eta gehiago” direla gogora ekarri du.

Euskara ikastea, “edonoren esku”

Hernaniko bi euskaltegietan (Hernaniko udal euskaltegia eta Hernaniko AEK) matrikulazio epea irekita dago hilaren 20a arte. Biek egiten dute ikasmaila eskaintza zabala, “ikasleen beharretara egokitua”. Iaz, C1 maila prezio murriztuan ikasteko aukera eskaini zuen Eusko Jaurlaritzak HABEren bidez eta asko igo zen ikasle kopurua: 95 hernaniarrek baliatu zuten aukera. Aurten ere, 16 eta 18 urteko gazteek C1 maila prezio murriztuan egiteko aukera izango dute dute herriko bi euskaltegietan (eskola-ordua, 0,20 €).

Aurten, gainera, A1 maila ere prezio berezian egiteko aukera izango da, HABEren laguntzari esker. Eskola ordua 0,60 € ordainduko du ikasleak. “Dirua ez da euskara ikasteko aitzakia izango”, azpimarratu du Eli Insausti, Udal Euskaltegiko zuzendariak.

Insaustik azpimarratu du “euskara guztiontzat” izatea dela helburua, eta horretarako prestatuta dagoen lantaldeak duela udal euskaltegiak. “Euskaraz erraztasunez komunikatzearen" garrantzia azpimarratu du. Udal euskaltegia baliabide materialen aldetik “ongi hornituta" dagoela azpimarratu du Insaustik.

Garazi Redondo Hernaniko AEK-ko irakasleak “euskaltegiak betetzeko garaia” dela azpimarratu du. Zilegi Eskolarekin jarraituko dutela ere azaldu du Redondok, “askotariko gaiei buruzko ikastaroen bidez ikasleak eta herritarrak euskaraz nahasteko eta euskaraz eroso aritzeko”.

Hernaniko Udalak dirulaguntzak emango dizkie herritar guztiei

Axier Mingo Euskara zinegotziak gogora ekarri du Hernaniko Udalak dirulaguntza propioak dituela euskara ikasleentzako, eta ikasturte honetan ere laguntza horiek bere horretan mantenduko dituela. “Hernaniko Udalak ahalik eta erraztasun handienak eman nahi dizkie hernaniarrei euskara ikasi eta hobetzeko, gure herria geroz eta euskaldunagoa izan dadin”.

Honela, Hernanin erroldatuta dauden herritar guztiei matrikularen %70a ordainduko die Udalak eta hainbat kasutan, baita %90a ere (ikasleak, langabetuak, erretiratuak eta desgaitasunak dituzten herritarrei). Ikastaro trinkoak edota barnetegiak egiten dituzten herritarrek jasoko duten laguntza are handiagoa da (%75 kasu guztietan; %100 kasu zehatzetan).

Laguntza eskaerak urte osoan zehar egin daitezke, Hernaniko Harrera Zerbitzuaren bidez (HHZ). Udalak laguntza bi zatitan ematen dio ikasle bakoitzari; lehenengo hiruhilekoa bukatu ondoren eta ikasturtearen bukaeran.

Mintzalaguna, euskara praktikatuz hobetzeko

Urrian, Mintzalaguna programa jarriko du martxan Dobera Euskara Elkarteak Euskaltzaleon Topagunearekin elkarlanean. Markel Oiarzabal kideak azaldu duenez, Mintzalagunak “euskaraz dakienaren eskuzabaltasuna eta praktikatu nahi duenaren gogoa eta aukera” batzen ditu, “euskara hobetzeko espazioak sortuz”.

Borondatezko ekimena denez, orain euskaraz aritzeko ohituar dutenek eta praktikatzeko gogoa dutenek izena emateko epea irekiko da. Hain justu ere, bihartik aurrera izango dute horretarako aukera Dobera Euskara Elkartera hurbilduta. Batez ere euskal hiztunei “dei” egin die Oiarzabalek, “parte hartzera animatu daitezen”.

Kasu guztietan, informatzera hurbiltzeko deia egin zaie herritarrei.

NON DAUDE:

Hernaniko Udal Euskaltegia

Karobieta, 63

Telefonoa: 943 331 896

E-maila: euskaltegi@hernani.eus

Hernaniko AEK

Larramendi, 11

Telefonoa: 607 592 864

E-maila: hernani@aek.eus

Dobera Euskara Elkartea:

Larramendi, 11

Telefonoa: 943 332 799

E-maila: dobera@dobera.eus