4.200 bat erosketa bonu saldu dira #eutsihernaniri kanpainaren lehenengo bi asteetan
2020·06·17
Hernaniarrak ondo ari gara erantzuten herriko ekonomia laguntzeko asmoz sortutako ekimen honi. Bonua erosten duten asko eta asko familia osoarentzat hartzen dituzte bonuak (seme-alaba txikia barne). Merkatariek ere gustura hartu dute ekimena, eta kanpainaren berri ez duten bezeroei azaltzen diete zertan den ekimena eta batzuk bonua erostera joaten dira.
Gogoratzekoa da 10.000 erosketa bonu plazaratu dituela ekainean Udalak -150.000 euro- herriko merkataritza, ostalaritza eta negozio txikiak sustatzeko asmoz. Ekaina osoan erosi eta erabili daitezke. Erosleak 35 euro ordaindu eta 50 gasta dezake izena eman duten 151 negozioetan. Kanpainari atxikitutako negozioek kanpainaren kartel bat dute haien erakuslehioetan.