Herriko saltokietan eta ostalaritza establezimenduetan erostera animatzeko bonuen kanpaina abian dago
2020·05·29
COVID-19aren ondorioz ezarritako konfinamenduak kalte ekonomiko handiak eragin ditu osasunean zein jarduera ekonomikoan. Ekonomiari dagokionez, merkatariak eta ostalariak, bereziki, modu latzean ari dira krisiaren ondorioak jasaten. Kalte horiek arindu eta erosteko ohituretan eragiteko asmoz, zenbait neurri prestatu ditu Udalak (Ekintza Planean daude guztiak jasota). Neurri horietako bat erosketa bonuen kanpaina da.
Kanpaina horrek zenbait fase izango ditu eta, guztira, 700.000 euro bideratuko ditu Udalak sektore horiek suspertze aldera. Ekimen horiek guztiak elkarlanean gauzatzen ari dira Udala eta Berriak Hernaniko Merkatarien eta Ostalarien Elkartea.
Lehen fasea #eutsihernaniri kanpaina da. Fase honetan atera diren bonuak ekain osoan erabili ahalko dira -ekainaren 2tik aurrera eskura daitezke-. Bonuen kanpainak fase desberdinetan banatzea erabaki du Udalak horren helburua baita herritarrek dituzten erosteko ohituretan eragin eta herriko dendetan erostera bultzatzea.
Bonuak datorren asteartean egongo dira eskuragai: Berriak elkartean eta Biteri kultur etxean. Herritar guztiek eros dezakete: helduek zein adingabeek. Erosketa bonuak txartelaren bidez edo banketxe-transferentziaren bidez ordain daitezke. Ez da eskudirurik onartuko.
Saltoki, taberna, jatetxe eta zerbitzuak ematen dituzten negozio guztiek har dezakete parte kanpainan, Berriak elkarteko kideak izan ala ez. Kanpainan parte hartzeko izen-ematea astelehena arte dago irekita. Kanpainari atxikitzen zaizkion negoziek kartel adierazgarri bat izango dute haien erakusleihoetan. Kanpainaren nondik norako guztiak udal webgunean egongo dira, COVID-19 atalean.