Gaur arratsaldean ekingo diete Fagollagako presaren atsedenlekuan azaldu diren bidoiak erretiratzeko lanei

2019·03·13
Gaur goizean goiz, Hernaniko Fagollagako presaren atsedenlekuan bi bidoi antzeman dituzte eta abisua eman diote Udalari. Hondakin potentzialki arriskutsuak izan zitezkeelakoan, segurtasun protokoloa aktibatu da eta, Udaltzaingoarekin batera, Ertzaintza eta Donostiako Suhiltzaileak bertaratu dira. Inspekzioa egin bitartean eta segurtasuna bermatzeko helburuz, 12:00ak inguruan GI-3410 errepidea moztu dute trafikora.
Bidoiak mugitzeak arriskua ekar zezakeela iritzita, hondakin arriskutsuetan aditua den enpresa bat arduratuko da bidoiak erretiratzeaz suhiltzaileekin elkarlanean. Gaur arratsaldean egingo dute eta ordura arte eremua itxita egongo da. Udaltzaingoa eta Ertzaintza eremu horren zaintzaz arduratuko dira.