Berriak

Atzealdea Fagollagako zentral minihidraulikoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute hernaniarrek

Hernaniko Udalak eta Goiener Taldeak, Ihoberen babesaz, Fagollagako zentral minihidraulikora bisita antolatu dute datorren martxoaren 10erako. Bisitaren helburua da zentralaren funtzionamendua lekuan bertan azaltzea. Bide batez, eta adibide hori baliatuta, energia berriztagarriaz hitz egingo dute bertan. Bisita egiteko interesa duenak aurretik izena eman behar du.

2019·02·22


  • Hernaniko Udalak martxoaren 10erako antolatu du irteera.  
  • Bisita hau “Asteklima” Euskadiko Klima Aldaketaren I. Astearen barruan kokatzen da.

Hernaniko Udalak landu duen Energia Iraunkorrerako Plangintzan helburu nagusi bat jasotzen da: Udalerriko berotegi efektuko gasen (BEG) emisioa %40 murriztea 2030erako (2010eko datuekin alderatuta).

Energia Plangintzaren garapenean, %40ko murrizketa hori lortzeko 85 ekintza proposatzen dira. Neurri horiek 2017 eta 2030 bitartean ezarriko dira. Neurri horien artean jasotzen da herritarrei gerturatzea energia berriztagarrietan oinarritutako aukerak.

Mattin Aldaia Ingurumen zinegotziaren esanetan, “Fagollagako ateak herritarrei zabaltzea aukera bikaina da inguruko baliabide naturalak nola erabiltzen diren ikusteko, kontzientzia sortzeko eta eztabaida energetikoa herrira gerturatzeko”.

Minihidraulika zentrala Goiener Taldearen esku dago egun, joan zen udan ekarpen kolektiboen bidez erosi ondoren. Datorren martxoaren 10eko bisita Hernaniko Udalarekin  batera antolatu dute. Pozik agertu dira Goiener Taldeko ordezkariak, “etorkizun jasangarriago bat izateko beharrezkoa baita gizarteko agente ezberdinak elkarlanean aritzea”.

Euskal Herrian aldaketa klimatikoa denon ahotan izango da egunotan. Izan ere, martxoaren 1etitk 10era Euskadiko Klima Aldaketaren Astea antolatu da lehen aldiz, Asteklima izenburupean. Tartean, Change the Change nazioarteko konferentzia izango da Donostian martxoaren 6tik 8ra bitartean. Fagollagako bisitaren moduko beste hainbat aukera ere izango dira herritarrentzat agendan. Ekimen horiek azpimarratu nahi dute klima aldaketari aurre egiteko norberaren keinu txikien garrantzia.

Fagollagara bisitak
Martxoaren 10, igandean, izango dira. Bi txanda antolatu dira: 10:30ean (gaztelaniaz) eta 11:30ean. Fagollagara joateko autobusa Zinkoeneatik eta Ereñotzutik irtengo da. Bisitaren iraupena, joan-etorriak barne, 2 ordukoa izango da.

Izen-ematea:
— Web: labur.eus/fagollagabisita
— Tfn: 943 25 63 49 / 688 63 79 65

1