Berriak

Atzealdea Familia Gunea erabili nahi duten familientzako izena emateko epea ireki da gaur

Hilaren 19an irekiko ditu berriz ateak 0 eta 6 urte arteko haurren familientzako zerbitzuak

2026·01·07


Aurten Familia Gunea erabili nahi duten familiek gaurtik hilaren 18a arte izango dute izena emateko aukera, online

Familia Gunea 0 eta 6 urte arteko haurrak eta euren familiak "elkarrekin goxo egoteko espazio" bat da, familiek eurek dinamizatua. Gartzia Goldaratz kaleko 19. zenbakian dago kokatua Familia Gunea.

"2025eko probaldia bukatuta, erabiltzaile izateko aukera izango dute interesa duten Hernaniko familia guztiek. Horregatik, berriz zabaldu da izen-ematea", azaldu du Aitor Lukasek, Haur, Nerabe eta Gazteria zinegotziak. 

Urtarrilaren 14an, zerbitzuari buruzko bilera irekia

Urtarrilaren 14an, Familia Gunea zerbitzuaren aurkezpen bilera irekia izango da, 17:30ean, Kulturarteko Plaza Feministan (Florida, 28). Bilerak dirauen bitartean, haurrentzako zaintza zerbitzua eskainiko da Familia Gunean bertan. 

Bilera horretan, zerbitzuaren nondik norakoak azalduko dira: funtzionamendua, ordutegia, erabilera arauak eta egon daitezkeen zalantzak argitu.

Hilaren 19tik aurrera erabili ahal izango da berriz Familia Gunea. Egun horretatik aurrera, izena ematen duten familiek udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzua-HHZn Familia Guneko giltza izenduna jasotzeko aukera izango dute. 

Giltza jasotzeko, 15 €ko fidantza jarri beharko dute familiek (giltza entregatzerakoan itzuliko dena). 

Probaldiaren ondoren, jarraipena

Familia Gunea Udalak 2024ko abenduan martxan jarri zuen zerbitzua da, haurrek eta euren familiek elkarrekin jolasteko eta egoteko "txoko goxo baten beharra" zegoela adierazi zuten familien eskaerari erantzunez. 

0 eta 6 urte arteko haurrek eta euren familiek erabil dezakete txoko hau, non ez dagoen begiralerik eta familiak eurak diren bertako espazioaren eta materialaren arduradunak. Astelehenetik igandera dago irekita, ordutegi honetan: 08:00etatik 20:00etara (ostegunetan izan ezik; egun horretan 11:00etan irekitzen da).  

Familia bakoitzak giltza izenduna duenez, bere kabuz eta nahi duenean du Familia Gunea erabiltzeko aukera. Heldu erreferente bakoitza gehienez hiru haurrekin bertaratu daiteke. 

Urtebeteko probaldi pilotuaten ondoren, Familia Guneak martxan jarraituko duela erabaki du Udalak.