Berriak
Atzealdea Familia Gunean izen-ematea izango da gaurtik abenduaren 6ra
2024·11·25
Familia Gunean izena emateko epea ireki da gaur (abenduaren 6a arte). Familia Gunea 0 eta 9 urte arteko haurrak dituzten familiak elkarrekin egoteko “espazio goxoa eta eredu hezitzaile positiboa sustatzeko gunea” izango da, Gartzia Goldaratz kaleko 7. zenbakian eta abenduaren 19an irekiko ditu ateak.
Zerbitzua doakoa izango da baina izena eman beharko da nahita ez. Proba pilotua izango da lehenengo urte hau, eta 60 familiak izango dute Familia Gunea erabiltzeko aukera (izen-emate garaian kopuru hori gaindituko balitz, zozketa egingo da).
Egunero irekita, goiz eta arratsaldez
Familia Gunea egunero egongo da irekita, urte osoan zehar: astelehenetik igandera (08:00etatik 20:00etara, ostegunetan izan ezik. Egun horretan: 11:00etatik 20:00etara).
Espazioaren aforoa 36 lagunekoa izango da. Heldu erreferente bakoitzak gehienez hiru umerekin egon ahal izango du bertan.
Familia bakoitzak giltza izenduna izango du Familia Gunera sartzeko. Giltza horregatik, 15 euroko fidantza ordainduko da (itzultzean bueltatuko dena).
Udalaren eta gurasoen arteko elkarlana
Hernaniko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria sailak bi bilera ireki egin zituen urrian nahi izan zuten gurasoekin, Familia Guneak nolakoa izan eta nola funtzionatu behar zuen diseinatzen hasteko. Izan ere, Udalaren proposamena “espazioa elkarrekin eraikitzea” izan da. Saio horietatik, guraso bolondresen eta Udalaren artean Talde Eragilea osatu da.
Talde Eragile honek zehaztu ditu Familia Gunearen gutxieneko erabilera arauak. Izan ere, erabiltzaileek, gunea erabiltzearen truke, zenbait ardura ere hartu beharko dituzte. Hala nola: errespsetua, tratu ona, materiala zaintzea, espazioa txukun mantentzea...
Familia Gunea erabiltzeko aukera izango duten familiek abenduaren 11n bilera izango dute, erabileraren inguruko azalpen guztiak jasotzeko.
IZEN-EMATEA (familiaka egin behar da)
Informazioa: gazteria@hernani.eus edo 943 33 70 41