Berriak
2024·07·18
Familia Gunea martxan jarriko du Hernaniko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria sailak datorren ikasturtean.
Horretarako lokala izango dena prestatzeko obrak hasi dira: kanpoko arotzeria aldatu, klimatizazio-ekipoa instalatu, elektrizitate-lanak, pintura-lanak eta bestelako lan txikiak egingo dira bertan. Momentuz, elektrizitate-lanak bukatuta daude. Bi hilabete inguruko lanak izango direla aurreikusten da eta Udalak 17.000 € inbertituko ditu lan hauetan.
Familientzako “espazio itxi eta goxoa” eskaintzea, helburu
Familia Gunea 0-9 urte arteko haurrentzako eta haien familientzako espazio eta zerbitzua izango da. Helburua “haur eta familientzako espazio itxi bat eskaintzea” izango da, “eguraldi txarra egiten duenean aisialdiko denbora elkarrekin pasatzeko gune goxoa eskaintzeko”.
Gartzia Goldaratzeko 7. zenbakian egongo da Familia Gunea (Ttarla dantza taldeak erabiltzen zuen lokal ohian). 88 metro koadro diu eremuak. Espazio ireki handi bat, biltegia, komuna eta edoskitze-gela izango ditu.
Familiek jolaserako materiala ere topatuko dute bertan.