Berriak
Atzealdea Familientzako adimen emozionaleko bi tailer eskainiko ditu aurten Udalak
2024·10·10
Hernaniko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria sailak adimen eta hezkuntza emozional tailerra antolatu du 2017 eta 2018an jaiotako haurrentzako eta euren heldu erreferenteentzako (gurasoak, aiton-amonak, izeba-osabak, tutoreak...).
Ordu eta erdiko saio praktikoak izango dira (17:00-18:30), Biteri Kultur Etxean. Donna Apellaniz adituak gidatuko ditu. Ordu eta erdiko saioen helburua haurren eta helduen arteko harremana adimen emozionalean oinarritua izateko trebatzea da.
Saioetan, ordubetez haurrek eta helduek elkarrekin jolasak eta dinamikak egingo dituzte. Bukaerako orduerdian, aldiz, helduen arteko hizketaldia gidatuko du Apellanizek, ikasitakoa barneratu eta zalantzak lantzeko. Tarte horretan, haurrek Dobera Euskara elkarteko begiraleek dinamizatuta jolasak egingo dituzte.
Aurten, bi tailer
Aurten, bi tailer antolatuko dira: lehenengoa azaroaren 12tik otsailaren 4ra izango da (asteartetan). Bigarrena, otsailaren 19tik maiatzaren 14ra (asteazkenetan). Bi aldietan, taldeak egonkorrak izango dira eta beti heldu erreferente berak parte hartuko du haurrarekin.
Tailerrak plaza mugatuak izango dituzte: bakoitzean, 15 familia. Izen-ematea azaroaren 6a arte dago irekita. Hiru aukera izango dira horretarako: online, telefonoz (943 33 70 41) edo emailez (gazteria@hernani.eus).
Izena emateko orduan, tailerraren datak aukeratuko dituzte familiek. Horrez gain, hizkuntzaren inguruko galdetegi bat ere erantzun beharko da, familiak duen euskararen ezagutza maila jakiteko.