Berriak
Atzealdea Feminismoaren eta kulturartekotasunaren babesleku eta bozgorailu
2022·12·19
Urte bat igaro da Kulturarteko Plaza Feministak (KPF) ateak ireki zituenetik; Berdintasun Kontseiluak egindako eskaria aintzat hartuta, urteetako lanaren eta konpromiso politikoaren ondorioz eraiki da KPF.
Elkarlanerako, sortzeko, formatzeko, topatzeko, saretzeko, babesteko PLAZA da honakoa. Askotariko beharrak dituzten herritarrentzako PLAZA da, betiere herritarron bizitzak hobetzea helburu duena, bereziki emakumeonak eta migratu eta arrazializatutako herritarrenak. Egunerokoan, erdigunerik ez dugunon plaza, alegia.
Urte honetan guztian egindakoa jaso zein balorazio eta aurrera begira jartzeko ariketa egin dugu eta zuekin guztiekin partekatu nahi dugu “Kulturartekotasuna eta feminismoa sustatzeko, plaza bat babesleku eta bozgorailu. 2021-2022 memoria”. Jarraian partekatuko dizkizuegu batetik, hainbat datu, eta bestetik, zenbait balorazio eta aurrera begirako erronka.
Kulturarteko Plaza Feministaren lehenengo ikasturtean 8.105 bisita izan dira (2021eko irailetik 2022ko ekainera bitarteko datuak dira denak). Horietatik 5.886 euskal hiztunak; alegia, bisitarien %72,62 euskaraz mintzatu da. Bisitarien ia %60 emakumea izan da, erdia 35 eta 60 urte bitartekoa. AMHER SOS Arrazakeriaren bulegora egin dira joan-etorri gehien. Segidan espazioa erabiltzera, antolatutako ekimenetara eta emakumeentzako jabetze ikastaroetara etorri dira bisitari gehienak.
• Jabetze Eskolan 205 emakumek eta ez bitar batek parte hartu dute.
• AMHER SOS Arrazakeriak 300 herritar artatu ditu, gutxi gorabehera.
• Sexu eta bikote aholkularitza: 30 erabiltzaile etorri dira guztira, 21 emakume eta 9 gizon.
• Aholkularitza juridikoa: 40 emakumek jo dute zerbitzura. Horietatik 38 Hernanin bizi dira eta 2 inguruko herriren batean.
• Indarkeria matxistari aurre egiten ari diren 23 emakume artatu dira: 13 emakume, 2021ean eta 10, berriz, 2022an. Espazio segurutzat dute emakume askok KPF, eta horregatik emakumeek, bai indarkeria kasuetan, bai hainbat zaurgarritasun edo bazterkeriarako arrisku egoeretan bertara jotzen dute.
Oro har, baina bereziki, indarkeria matxistari dagokion lanketan, aukera berriak zabaltzeaz gain (emakumeengandik gertu eta irisgarri den espazio publikoa da, egun osoan zehar irekita), elkarlana ere indartu du Udaleko gainerako sailekin, besteak beste, gizarte zerbitzuak, Udaltzaingoa, AMHER Sos Arrazakeria...
Askotariko ekimenak, erakusketak, jardunaldiak egin dira, azpimarratuko genituzke, besteak beste: Hernani Munduari Begira jardunaldiak, Zaintza Lanen Demokratizaziorantz jardunaldia, edo Hariak Erresistentzia Istorien zinemaldia.
Gainerakoan, KPF erabiltzen duten eta bizitza ematen dioten eragile edo subjektuak aipatuko genituzke, hala feminismoaren eta internazionalismoaren alde, nola arrazakeriaren aurka jarduten dutenak:
• Feminismoa lantzen ari diren subjektuak: Ehgam. Euskal Herriko Sexu Askapenaren Aldeko Elkartea, Loratuz Lotu. Trans Helduen Elkartea, Harrotzen Neska Gazteen Taldea, Hernaniko Koordinadora Feminista, Arremanitz Kooperatiba eta Berdintasun Kontseilua.
• Kulturartekotasuna lantzen AMHER SOS Arrazakeria ari da. Hizkuntza klaseak, emakume taldea eta gazteen taldea.
• Internazionalismoa lantzeko, Kooperazio Taldea.
Herritarrengana iristeko komunikazioa, giltzarria
Aipatu nahiko genuke KPF mundura eta herrira zabaltzeko ezinbestekoa izan dela komunikazio lana. Ez da erronka makala izan Hernaniko txoko eta pertsonenganaino iristea. Oraindik ere lan handia dugu aurretik. Bide horretan hainbat euskarri eta baliabide jarri ditugu eskura. Batetik, hilero eskuorria eta kartela osatzen dira (batez ere, mugimendu handia aurreikusten den hilabeteetan) antolatu diren ekimenak biltzeko. Etxez etxe banatzen da eta herriko merkataritza gune eta udal eraikinetan egoten dira eskuragarri. Hori bera digitalean ere zabaltzen da; posta elektroniko bidez, mugikorraren bidez eta sare sozialen bidez. Bestetik, GOBARA podcasta sortu dugu, trapu zikinak aireratu eta gure genealogia feministetan barrena bidaiatzeko.
Azkenik, hainbat erronka jaso ditugu. Izan ere, KPFk bistakoa da aukera berriak sortu dituela, eta oraindik ere loratzen ari den proiektua dela, egunero-egunero, elikatu eta zaindu beharrekoa, berrikusi. Bide horretan aurrerapausoak ematen jarraitzeko, zenbait erronka identifikatu ditugu, hala nola: KPFren proiektua zabaltzea eta herriratzea. Alegia, bertan eskaintzen diren zerbitzuak eta KPFko proiektuak herritarren artean zabaltzea.
Gainera, KPFn jarduten duten eragile-erabiltzaileen artean elkarrekin lan egiteko aukerak sortzen jarraitu nahi dugu. Horrez gain, garrantzitsua deritzogu arlo komunitarioa indartzen jarraitzea, kolektibitateak sortzeko.
Bukatzeko, euskara eta euskal kulturaren erabilera eta ezagutza sustatzeaz gain, bertan bat egiten duten askotariko hizkuntza eta kulturak ezagutzeko, balioesteko eta aitortzeko elkarrizketak sustatu nahi ditugu. Euskara indartzeko eta harrera hizkuntza izan dadin neurriak eta eskaintzen diren baliabideak birpentsatzea eta eskuragarritasunerako bidean, urratsak ematea.