Florida 08 eremuaren urbanizazioak argi berdea du, eta horrek ahalbidetuko du etxebizitza sozialaren beharrari aurre egitea eta eremu degradatu bat berreskuratzea
2023·03·30
Hernaniko Udala, FL08ko promotoreekin (Etorlur Foru Aldundiaren sozietate publikoa) hitzarmena sinatzekotan da orain arteko zailtasunak gainditu eta etxebizitza babestuaren garapena errealitate bihurtzeko. Orotara, 308 etxebizitza eraikiko dira (176 babes ofizialekoak eta 132 tasatuak).
Florida 08 eremua iraganean AMR adreilu lantegiak hartzen zuen eremua da. Eremu horren garapen urbanistikoa hasiera hasieratik gatazkatsua izan da, jatorrizko planteamenduak bideragarritasun ekonomikoa ezinezkoa egiten zuelako (promotoreak karga urbanistiko handiak zituen). Horregatik, Udalaren eta Etorlurren artean hitzarmen desberdinak egin izan dira. Orain, babestutako etxebizitzen beharrari aurre egiteko helburua lehenetsi da, eta hilabete luzeetako lanketaren ondoren, hainbat erabaki adostu dira. Hortaz, Udala hitzarmen berri bat sinatzeko prest dago.
Horrela, azken hamarkadan egindako esku-hartze urbanistikorik garrantzitsuena jarriko da martxan. Horren guztiaren berri eman du Udal Gobernuak gaurko Tokiko Garapeneko Batzordean. Garapen horren garrantziaz jabetuta, udal talde guztiek adostu dute lan-talde bat osatzea proiektu horren jarraipena egiteko eta alternatiba horiek lantzeko asmoz.
Florida 08 eremuaren garapen urbanistikoak bi helburu nagusi beteko ditu:
1. Herrian etxebizitzaren eskaintza murritzari arnasa emango dion promozioa da. Gazteei begira, bereziki. Datuek argi islatzen dute herrian etxebizitza babestuaren beharra egon badagoela. Azken hilabeteetan 41 etxebizitzen zozketarako 900 herritarrek eman baitute izena.
2. Hirigintzaren ikuspegitik, interes handiko esku-hartze bat da, eremu degradatu baten berreskuratzea ekarriko duelako. Aintzat hartu behar da 24.623 m2 berreskuratuko direla. Horrek segurtasunean eta auzoaren biziberritzean eragin positiboa izango du.
Garapenaren blokeoaren puntuetako bat, trenbide azpiko pasabidea
Hernaniko arau subsidiarioek tren azpiko tunela eraikitzea aurreikusten dute eta hori da garapen hori blokeatzen ari zen puntuetako bat, garapen hori, hain zuzen ere, tren azpiko pasoa eraikitzearekin lotuta egon delako. Orain, ordea, Udalak eta Etorlurrek adostu dute baldintzapen hori kentzea. Hortaz, proposamen berriaren arabera, Udalari egin beharreko ekarpen ekonomikoa adostu eta garapena hasteko moduan izango da.
Urbanizazio horren garapenak erakarriko dituen biztanle berrien joan-etorriak zirkulazioan ere eragina izango duela aurreikustekoa da. Horretarako irtenbide bat proposatzea lotuta zegoen urbanizazio proiektuarekin.
Horrela, trafiko hori bideratzeko aukera desberdinak egon dira mahai gainean. Horietako bat bertatik igarotzen den trenbidearen azpiko tunelaren aukera. Azterketa desberdinak egin dira (ibilbide desberdinak kontuan hartuta) eta denetan afekzio oso handiak daude, zailtasun tekniko izugarriak eta proiektuaren kostua izugarria da (Babes Ofizialeko etxebizitzak egiteko proiektua zalantzan jartzeraino).
EAJ-PNV udal taldeak proposamen bat aurkeztu zuen iaz eta proposamena azterketa teknikoa enkargatu zuen Udalak. Horrek, ordea, ondorioztatu zuen ez zela bideragarria. Zailtasun tekniko eta ekonomiko beretsuak izateaz gain, irisgarritasun-legedia ere ez duela betetzen ohartarazten du txosten teknikoak.
Gauzak horrela, eta Udala pasabide hori egiteko beste aukera batzuk aztertzen ari zen bitartean, Floridako eremuaren urbanizazioak herriko trafikoan egingo lukeen eraginaren azterketa enkargatu zuen 2022ko maiatzean.
Beraz, Hernaniko hainbat eremuk egun jasaten duten trafiko-inpaktua aztertu zen lan horretan. Eta inpaktu horren simulazioa egin zen kontuan hartuta Hernaniko Hiri Plangintzako Arau Subsidiarioetako Hirigune Historikoan planifikatuta dauden bizitegi-garapen berri guztiek, hau da, Florida Auzoan eta Sagastialden aurreikusita dauden 530 etxebizitza berriak eraikita.
Trafikoaren gaineko azterketaren ondorioak
Zirkulazio-eredu mikroskopikoetan lortutako emaitzek ez dute adierazten bide-egoera degradatzen denik edo edukiera murrizten duenik. Simulazioaren emaitzetan ikus daitekeenez, etorkizuneko agertokietan, bizitegi-garapen berrien bidez, zirkulazio arinaren adierazleak lortzen ditugu.
Modelizatutako agertokietako trafikoaren emaitzak ikusi ondoren, ondorio hauek atera ditzakegu:
• Garapen berriekin, trafikoa handitu egin da ingurune hurbilenean (Florida auzoa eta Sagastialden).
• Ez da zirkulazio-pilaketa nabarmenak eragiten dituzten intentsitate handiko trafikorik sortzen, oro har, inguruko bide-sareak behar bezala kudeatzen baitu zirkulazioa.
• Elkargune kaltetuena Antziolako biribilgunea da, Cuesta de la Muerte/Galarreta alderako irteeran, eta beri ere goizeko ordutegian. Hala ere, biribilgunean eskuineko bira denez, ez du arazorik sortzen gainerako mugimenduekin.
Nabarmentzekoa da zirkulazioaren gaineko azterketa hori 530 etxebizitza eraikiko balira bezala egin dela eta ez dela aintzat hartu garraio publikoaren balizko erabilera (Renfeko geltoki bat dago oso gertu).
Orain abiatuko den garapen honetan 308 etxebizitza izango dira, beraz oraindik ere arinagoa izango litzateke azterlanean aurreikusitako inpaktua. Beraz, Udalak etxebizitza sozialen beharrari emango dio lehentasuna eta, bitartean, mugikortasuna hobetzeko konponbideak lantzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du.
Lehenengoz, bi bloke
Urbanizazioa zatika egingo da (dena amaitzeko urteak igaroko dira). Lehenengoz bi bloke eraikiko dira, eta Udalak adostuko du promotorearekin horietako bat babes ofizialekoa izatea.
Etxebizitzak ez ezik, errepideak, espaloiak, parkeak, aisialdi eta kirol eremuak, hala nola, bidegorriak, erabilera publikoko ekipamenduak... ere aurreikusten dira.