Berriak
Atzealdea

Florida 108ko eraikina eraistea gomendatzen du txosten teknikoak

2021·12·30


Joan zen abenduaren 24ko gauean, Florida 108 zenbakiko etxea suak hartu zuen, Etxeberri auzoan. Horren ondorioz, bertan bizi ziren bizilagunek etxea utzi behar izan zuten. Suhiltzaileek sutea itzaltzea lortu zuten baina sugarrek egurrezko egitura duen eraikinaren teilatua erabat kiskali zuten eta goiko etxebizitzetan ere kalte handiak eragin zituzten.

Udaleko Hirigintzako teknikariak eraikinaren egoera aztertzen aritu dira egunotan, zenbateko kalteak dituen jakiteko asmoz. Horretarako, egurrezko egitura duten eraikinetan aditu baten laguntza izan dute. Azterketaren emaitza argia da: egitura oso kaltetuta dago eta eraikina birgaitzeko aukera baztertu dute. Segurtasuna bermatzeko asmoz, gainera, ahalik eta lasterren eraistea proposatzen dute teknikariek.

Kaltetutakoekin bilera
Teknikarien txostenaren ondorioen berri emateko kaltetutako bizilagunekin -jabeekin eta maizterrekin-, baita ondoko etxebizitzetako bizilagunekin eta bertan jarduera ekonomikoren bat dutenekin ere, bilera egin dute gaur udal ordezkariek. Xabier Lertxundi alkatea eta Mattin Aldaia Hirigintzako zinegotzia bertan izan dira azalpenak eta Udalak kaltetuen esku jarriko dituen zerbitzu eta baliabideen berri ematen.

Gogoratzekoa da suak hartutako eraikinean sei familia bizi zirela. Denak onik atera ziren. Gau hartan bertan, Udala kalean gelditu ziren familia horiei gaua eta hurrengo egunak igarotzeko ostatua bilatu zien. Familia batzuek familiartekoen etxeetara joatea erabaki zuten eta beste batzuk, ostera, Udalak eskainitako eskualdeko hotel batera joan ziren.

Astelehenean bertan familia guztiak elkartu ziren udaleko gizarte langileekin. Banan-banan haien egoera aztertu dira, bakoitzari ahalik eta konponbiderik egokiena bilatzeko asmoz. Informazio horrekin, Hernaniko Udala Alokabiderekin harremanetan jarri da epe luzeagorako konponbidea bilatzeko xedez.

Familien ezaugarriak eta Udalak dauzkan bitartekoak kontuan izanda, Alokabideri eskaera zehatza egin dio Udalak eta eskaerari erantzun dio Alokabidek. Izan ere, datorren hilean zehar hiru alojamendu jarriko ditu Alokabidek Udalaren esku, sei hilabetez. Beste hiru familiei udalaren baliabideak eskainiko zaizkie.

Horretaz gain, aholkularitza psikologikoa eta aseguruetxeekin tramiteak egiten laguntzeko aholkularitza tekniko-juridikoa ere eskainiko die familiei, nahi izanez gero.