Berriak

Atzealdea Florida eremuan eraikiko diren prezio hitzartuko 61 udal etxebizitzetan izena emateko epea ireki da

Uztailaren 2a izango da dokumentazioa aurkezteko azken eguna, HHZn edo telematikoki

2025·06·02


Florida08 eremuan eraikiko dira prezio hitzartuko 61 udal etxebizitzetakoren bat jabetzan hartzeko interesa dutenek eskaera egiteko epea irekita izango dute gaurtik uztailaren 2a arte.

Prezio hitzartuko 61 etxebizitza eraikiko dira Florida08 eremuan, bakoitza bere garajearekin eta trastelekuarekin. 58 erregimen orokorrekoak izango dira: hiru logelakoak 22 eta bi logelako 36. Beste hiru etxebizitzak mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzako izango dira (bakoitza, 2 logelakoa).

Hernanin bizi direnek lehentasuna izango dute

Hernanin bizi direnek izango dute lehenetasuna etxebizitza hauetako bat eskuratzeko. Ondoren, Hernanin lan egiten dutenek eta azkenik, eskaintza eskaera baino handiagoa balitz, gainerakoek.

Hernanin bizi dela frogatutatzat joko da azken bi urteetan jarraian Hernanin erroldatua egon bada edo bost urtez azken 10 urteetan. Hernanin lan-atxikipena dagoela ulertuko da azken 10 urteetan Hernanin egin bada lan.

Hernanin babes ofizialeko etxebizitza (BOE) baten edo etxebizitza libre baten titular direnek ere izena emateko aukera izango dute Florida eremuko hitzartutako udal etxebizitzen eskaeran, gainerako baldintzak betetzen badituzte. Kasu horietan, esleipendun suertatuz gero, babes ofizialeko etxebizitza saldu beharko dute dagokion prezioan eta etxebizitza librearen kasuan, udal etxe tasatu bihurtuko litzateke.

Hala ere, etxebizitza premia duten hernaniarrek (etxebizitza titulartasunik ez dutenek) izango dute lehentasuna esleipenean.

Eskaera egin ahal izateko gutxieneko diru-sarrerak 20.000 € izango dira eta gehienez, 70.000 €.

Dokumentazioa udaletxean aurkeztu beharko da

Eskatzaile izateko dokumentazioa Hernaniko udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan (HHZ) aurrez aurre edo www.hernani.eus-en telematikoki aurkeztu beharko da. Horrez gain, Construcciones Sukia sustatzailearen bulegoetan ere izango da aukera dokumentazioa aurkezteko.

Hernaniko Udalak dokumentu normalizatu bat sortu du propio Floridako etxebizitza hitzartuen eskaera egiteko. Hori dagokion bezala beteta aurkezteaz gain, bestelako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte interesatuek: bizikidetza-unitateko kideen dokumentazioa; Hernanin bizilekua edo lan-atxikipena frogatzeko, errolda edo enpresaren ziurtagiria; 2023ko errenta aitorpena edo salbuetsita egotearen ziurtagiria; etxebizitza premiaren zinezko aitortza edo Babes Ofizialeko zein etxebizitza librearen titulartasun agiria, eta mugikortasun urritasunaren ziurtagiria.

Zozketa publikoa, notario aurrean

Izen-ematea bukatzean, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira (erreklamatzeko epearekin). Horiek pasatu ondoren, etxebizitzen esleipena notario aurrean egingo den zozketa publiko baten bidez egingo da.

Zozketa horretan etxebizitza esleipendun suertatzen direnek etxebizitzan erroldatu eta ohiko etxebizitza izateko baldintza sinatuko dute.

Izan ere, Floridako hitzartutako udal etxebizitzak bertan bizitzeko izango dira eta betirako izango dira prezio hitzartukoak.

OINARRIAK