Berriak

Atzealdea Gazteentzako aholkularitza psikologikoaren zerbitzua tailer irekiekin osatuko da aurten

Nerabeei eta gurasoei zuzendutako saioak izango dira, gai zehatzak lantzeko

2026·01·05


Hernaniko gazteentzako aholkularitza psikologikoak martxan jarraituko du urte honetan ere. 16 eta 30 urte arteko hernaniarrei "beren burua ezagutzen lagundu, nortasuna ezagutu eta indartu, eta emozioen ezagutza eta kudeaketa egiten laguntzea" dira zerbitzuaren helburuak. Aholkularitza psikologiko zerbitzua erabat pertsonalizatua eta doakoa da.

Hitzorduak hartzeko aukera zabalik dago: gazteaholkularitza@hernani.eus-era idatzita edo 747 487 343 telefonora deituta. Saioak asteartero izango dira, 18:00etatik 21:00etara, Aristizabal kaleko lokalean. 

Horrez gain, aholkularitza psikologiko zerbitzua indartu egingo da aurten eta zerbitzu berri bat eskaintzen hasiko da: hilean behin gai baten inguruko tailerra emango dute psikologo adituek. "Nerabe eta gazteen osasun-mentalean zuzenean eragiteaz gain, prebentzio lana sustatu nahi dugu", azaldu du Aitor Lukas Gazteria zinegotziak. 

Gai zehatzak lantzeko doako tailerrak

Urtean hamar saio izango dira (uztailean eta abuztuan, ez). Saioak doakoak izango dira eta hartzaile ezberdinentzako pentsatuak: batzuk nerabeei zuzendutakoak izango dira espreski; beste batzuk, haien gurasoei. 

Lehenengo hiru saioetan gai hauek landuko dira: harremanak (nerabeei zuzendutako saioa; urtarrilaren 27an); harreman osasuntsuak eta mugen kudeaketa (nerabeen gurasoentzako; otsailaren 25ean) eta, autoestimua eta autoirudia (nerabeentzako saioa; martxoaren 25ean). 

Saio hauek ere Aristizabal kaleko lokalean izango dira, 18:00etatik 20:00etara.