Berriak

Atzealdea Genero-zeharkakotasuna bermatzeko Berdinlanean batzorde politikoak urteko saioa egin du

2024·12·11


Hernaniko Udalak zortzi urte daramatza genero-zeharkakotasunaren estrategia garatzen. Printzipio batetik abiatzen da estrategia hori, hau da, berdintasuna bultzatzea ez dela soilik Berdintasun Arloaren zeregina, guztiona baizik. Izan ere, politika publikoak ez dira neutroak eta norbere arlotik egiten denak ia beti eragiten du berdintasunean, positiboki edo negatiboki, nahiz eta kontziente ez izan.

Genero-zeharkakotasunaren estrategia garatzeko ezinbestekoa da bultzada politikoa. Hernaniko Udalean estrategia hau abiatu zenean bultzada hori bazegoen, eta konpromiso horri eusten dio oraingo udalak ere. Estrategiak, baina, elikatzea eta indartzea eskatzen du, eta horretaz arduratzen den egitura bat sortu zen: Berdinlanean Batzorde Politikoa, udal gobernuak osatutakoa.

Berdinlanean Batzorde Politikoa urtean behin elkartu ohi da, genero-zeharkakotasunaren estrategia bultzatzeko lanketak egiteko. Duela urtebete elkartu zen azken aldiz (agintaldi honetan, lehena) eta bigarren topaketa egin du aste honetan. Gobernuak dituen proiektu berrietan genero zeharkakotasuna bermatzeko egin behar dituen lanketak aztertu zituzten, besteak beste. Kulturarteko Plaza Feministan egin zuten saioa, asteartean (abenduak 10). Udal taldeko kideez gain, saioan parte hartu zuten berdintasun saileko eta estrategia garatzen laguntzen duen Elhuyarreko teknikariek.

​​​​​​​