Berriak
Atzealdea

Gertuko oroimena, aurtengo Oroimen jardunaldien ardatza

Joan zen aenduaren lehen egunean abiatu ziren aurtengo Oroimen jardunaldiak. "Burgosko prozesua. Frankismoari epaiketa" erakusketa zabaldu zen eta horrekin batera Miguel Castells abokatuak eta Javier Buces Aranzadiko historialariak frankismoaren errepresioari eta diktaduraren kontrako oposizioari buruzko hitzaldi bat eman zuten. Abenduaren 9an izango da hurrengo zita, Olano funtsako hainbat material eta hitzaldiak egingo dira. Ekitaldi guztiak Biterin egiten ari dira.

2021·12·07


EGITARAUA

“Burgosko prozesua. Frankismoari epaiketa / El proceso de Burgos. Juicio al Franquismo” erakusketa (Hernaniko Udala, Udal Artxibo Zerbitzua - Gipuzkoako Foru Aldundia, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritza Nagusia - ARANZADI Zientzia Elkartea).

Biteri kultur etxea (2021 abe. 1 - 18).

Burgosko Prozesuan (1970 abendua) Melitón Manzanasen (Gipuzkoako Brigada Politiko-Sozialeko burua) hilketan ustez inplikatutako ETAko 16 kide auzipetu zituzten. Epaiak 9 heriotza-kondena, 519 urteko espetxe-zigorra eta absoluzio bat ezarri zituen. Hala ere, gertatu ziren protesta ugariengatik, eta komunikabideetan eta nazioartean izan zuten oihartzunagatik, Frankismoaren aurkako oposizioaren garaipen ikur bihurtu zen. Azkenean, besteak beste, heriotza-zigorrak kommutatuak izan ziren.

Horrela, erakusketak gertakari haiek zer testuingurutan gertatu ziren jakiteko aukera ematen du, baita Euskal Herriko historia hurbilean izan zuten eragina aztertzeko ere.

Hiru bloke desberdin ditu erakusketak. Lehenengoan Burgosko prozesua gertatu zen testuinguru historikoa islatzen da; bigarrenean, giza eskubideen urraketak eta frankismoak eragindako errepresioa, eta, hirugarrenean, auzipetzean gertatutakoa.

2021 abenduaren 1ean (19:00). Erakusketaren irekiera ekitaldia izango da, eta, ondoren, hitzaldia: “Frankismoa bakarra izan zen. Oposizioa eta errepresio frankista Gipuzkoan / Oposición y represión franquista en Guipúzcoa (1960-1975)". Bertan ARANZADI Zientzia Elkarteko Javi Buces Historian ikerlaria (erakusketaren komisarioa) egongo da, Miguel Castells abokatuarekin.

____________________________

Hurrengo ekitaldia abenduaren 9an izango da, Biteri kultur etxean bertan (19:00). Olano funtsako hainbat materialekin, eta prestatutako testuinguru historikoarekin, “1960 – 1975 urte bitarteko Hernani entre los años 1960 - 1975” aurkeztuko da; jardunaldi hauetan ardatz diren gaiak erdigunean jarriz. Hizlariak Joxan Goikoetxea (Olano Funtsaren jagolea) eta Txuso Gomez (Udal Artxiboko teknikaria) izango dira.

____________________________

Azkeneko ekitaldia abenduaren 15ean izango da, Biteri kultur etxean ere  (19:00). Orduan “Apaiz kartzela” dokumentala (Ritxi Lizartza - David Pallarès - Oier Aranzabal) proiektatuko da.

Francok, Vatikanoarekin sinatutako Konkordatua erabiliz, Zamorako Kartzela Konkordataria sortu zuen (1968-1976), erlijiosoentzako munduko kartzela bakarra. Hara eraman zituzten Madril, Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko 53 erlijioso, horietatik, batzuei hamar urtetik gorako zigorrak ezarri zizkieten frankismoaren errepresioa salatzen zuten sermoiak esateagatik.

Dokumentalak Zamorako apaiz-espetxean (cárcel concordataria de Zamora) preso zeuden lau apaizek presondegira eginiko bidaia azaltzen du. Historia nahiko ezezagun bat berreskuratu nahi duen bidaia. Ahanzturaren aurkako bidaia.

Bukaeran, solasaldi bat antolatu da. Horretan, dokumentalaren egileetako batek gaiaren nondik norakoak azalduko ditu. Gonbidatu bat izango du ondoan, Zamorako kartzelan izandako apaiz euskaldun bat.

Oroimen jardunaldiak 2021