Berriak

Atzealdea Gloria Cuartas, Kolonbiako Bake Prozesuaren Unitateko zuzendariari harrera egin dio Hernaniko Udalak

Kolonbiako bake prozesutik abiatuta, elkarbizitza eta bakearen kudeaketari buruz aritu da

2024·05·16


Gloria Cuartas, Kolonbiako Bake Prozesuaren Unitateko zuzendari eta Gobernuko kideari harrera egin dio gaur Hernaniko Udalak. Ondoren, Hernaniko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako zinegotziekin (EH Bildu, EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos) lan-saio bat egin du, gatazka armatuen osteko elkarbizitza eta bakearen kudeaketaren inguruko gogoeta partekatzeko.

Hernani Munduari Begira jardunaldien baitan etorri da Cuartas gure herrira, Freytter Elkartearen bidez. Arratsaldean, Bakearen kudeaketa gatazka armatu baten ondoren hitzaldia emango du Kulturarteko Plaza Feministan (18:00).

Gloria Isabel Cuartas Kolonbiako Bake Prozesuaren Unitateko zuzendariak ibilbide luzea egin du politikagintzan eta giza eskubideen mugimenduan. Kolonbiako Antiokia eskualdeko Apartadó herriko alkate izan zen eta, garai hartan, Bakearen Aldeko Alkateen Munduko Saria (1996) jaso zuen. Giza Eskubideen Munduko Saria (2008) ere jaso zuen eta UNESCOk munduan bakearen alde lan egiten zuten 60 emakume garrantzitsuenen artean aipatu izan du. UNESCOn Emakumeen Gaietarako Latinoamerikako aholkularia; Kolonbiako Lan Ministeritzako aholkularia eta senatari ere izana da. 

 

Argazkia: FOKU