Berriak
Atzealdea Gobernu Taldeak prest du Hernaniko Udaleko 2024ko aurrekontua
Aurten baino ia %15 handiagoa izango da Hernanik izango duen aurrekontua
2023·11·20
Hernaniko Udaleko Gobernu Taldeak 2024ko udal aurrekontua prest du. Inoizko aurrekonturik handiena izango du Hernanik datorren urtean: 38.081.300 € (aurten baino %14,9 gehiago).
2024ko aurrekontuak hernaniarren ongizatea eta bizi-kalitatea bermatu eta hobetzeko asmoarekin diseinatu ditu Gobernu Taldeak. Hori dela eta, ohiko zerbitzu publikoen kalitateari lehentasuna eman zaie: zerbitzu sozialak, jarduera fisikoa eta kirola, kultura, auzoak, herribideak eta bestelako zerbitzuak -hondakinen kudeaketa, ura...-.
Aurrekontu proposamena Udalean ordezkaritza duten beste alderdi politikoei aurkeztu die dagoeneko Gobernu Taldeak, haien ekarpenak ere jasotzeko. 2024ko aurrekontua abenduko udalbatzarrean onartuko da.
Egoera ekonomikoaren egonkortzea
Pandemiaren garairik okerrenak gaindituta, egoera arrunta normalizatu den urtea izan da 2023a. Horrek eragin positibo nabarmena izan du, eta ispilua izango du 2024ko aurrekontuan. Besteak beste, Hernaniko Udalaren diru-sarrerak %11 handiagoak izango direla aurreikusten da.
Gipuzkoako egoera ekonomikoa ere egonkortu da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duenez, 2024an udaloi dagokigun funtsa inoizko handiena izango da: %6,8 gehiago jasoko dugu funts hortatik.
Hala ere, KPI-aren indizearen eta hornigaien prezioen gorakadaren eraginarengatik, Hernaniko Udalaren ohiko gastuak %6,15 haziko direla ere aurreikusten dugu. Urteroko igoerez gain, 2024an berrituko diren zerbitzu-kontratuen prezioak egokitu behar izan dira.
Inbertsioetara bideratuko den diru kopurua nabarmen handituko da
2024an, batez ere inbertsioetara bideratuko den diru-kopurua handituko da nabarmen: %266,9. Guztira, 2.935.000 € jasoko ditu Udalak inbertsioetarako. Arlo ezberdinetan gauzatuko dira egitasmoak, beti ere hernaniarren bizi-kalitatea hobetzea helburu.
2024ko inbertsio egitasmo nagusiak hauek izango dira: Karobietako urbanizazio lanak; Osinaga eta Epele auzoetako saneamendu sarearen obrak; kultur ekipamendu berriaren proiektuaren idazketa; Goiz Eguzki berritzeko lanak; Laiztiaga-Etxeberri eremuko euri-uren sarearen proiektuaren idazketa eta kiroldegiaren birgaitze energetikoaren exekuzio proiektuaren idazketa.
Burujabetzan urratsak emateko apustua
Bestalde, udal langileen soldata legeak utzi duen gehiengora igo (%2,5) eta hainbat programa berri sortu dira etorkizunera begira, Hernaniko Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak hobetzeko xedez. Horrez gain, Tokiko Enplegu Planen eta 30 urte arteko gazteentzako Lehen Lanbide Esperientziako programen bidez 16 lanpostu eskainiko dira.
Hernaniko elkartegintzara 2.080.600€ bideratuko dira (aurten baino %14 gehiago). Herriko bizitzan eragiteko duten garrantziarengatik, Udalak euren jarduna gauzatzen lagundu nahi die.
Energia eta elikadura burujabetzan urratsak ematen jarraitzeko, bikoiztu egingo da arlo horietara bideratutako diru-kopurua: 110.000 €.
Bestetik, Ereñotzu toki entitate txikiari egingo zaion ekarpena ere handituko da, %15,6 (guztira, 568.000 €).
Aurrekontuak egiteko garaian, Gobernu Taldeak bere iparrorratza jarraiki egin du lan: Hernaniko herriaren osotasuna aintzat hartuz, herria eraldatzen jarraitzeko, Hernanin hobeto bizi gaitezen.