Berriak
Atzealdea

Gotzon Huegunen "Sustraiak" artelanak Hernanira ongietorria emango die Txantxillatik sartzen diren guztiei

Sustraiak izeneko artelanak ongietorria emango die, gaurtik aurrera, Hernanira Txantxillatik sartzen diren guztiei. 1922ko zeramikako azulejo bat zaharberritu du Regina Gomez-Cruzadok eta Gotzon Huegunek egurrezko egitura batekin gorpuztu du. Emaitza Sustraiak artelana da.

2022·12·22


ARGAZKI-OINA (ezkerretik eskuinera): Juantxo Morcillo, idazkunaren kontserbazioan lagundu duen herritar bat; Ricardo Crespo (PSEko hautetsia); Lourdes López (Elkarrekin-Podemoseko hautetsia); Andoni Amonarraiz (EAJko hautetsia); Xabier Lertxundi (alkatea); Regina Gómez-Cruzado azulejoaren birgaitzearen arduraduna; Koro Etxeberria (Kultura zinegotzia); Gotzon Huegun eskulturaren egilea.

1921ean, Gipuzkoako Diputazio Probintzialeko Comisión de Caminos izena zuen batzordeak errepidea zuten probintziako udalak gonbidatu zituen 1,50 x 0,50 metroko esmaltezko errotulu adierazleak jartzeko.

Hernaniko Udalak proposamena onartu zuen, eta hainbat gestio egin ondoren, Barrio Liceagako 6 zenbakiko etxearen jabeak, Dolores de Berasateguik, 1922ko apirilean baimena eman zuen etxe horren fatxadan (Paisac etxea, gero Lizeaga kalea 11) “Hernani” izena zuen errotulua jartzeko.

Mende bat inguru iraun du errotulu horrek Paisac etxearen fatxadan, nahiz eta urte askoan oharkabean igaro, eta instalatu zuteneko esanahia galdu: Lizeaga kaleko zirkulazio-norabidea aldatzean (Tellerigain bihurti zen herrira sartzeko errepidea) galdu zuen hasierako  funtzionaltasuna.

Eraikin hori eraitsi zutenean, azulejoari pista galdu zitzaion. Bila aritu ondoren, bizilagun baten etxean aurkitu zuen Udalak. Zatituta zegoen erabat eta Regina Gómez-Cruzadok zaharberritu zuen. Horren bitartean, Gotzon Huegun artistari artelan bat egiteko proposamena egin zion Udalak eta, behin errotulua osatuta, lana sortzeari ekin zion Huegunek.

“XX. mende hasierako Hernaniko kartel zeramikoa berritu eta gero sortzen da galdera: orain arte kokatua zegoen tokia desagertua izanik, zer egin? Proposamena arteari lotuta aurkitzen da, hau da, kartel historikoa artelan baten barruan kokatzea, presentzia estetikoa, emozionala eta baita informatzailea ere, ikuspuntu eta begirada berri batez hornitua egon dadin”, azaldu du Huegun artistak.

Sustraiak lanaren ezaugarriak

“Zortzi egur langarez osatutako espazioa sortzen da kartelaren inguruan, eta horietan sagar itxura duten forma organikoak antzeman daitezke”. Sagarra zergatik aukeratu duen ere argitu du Huegunek. “Alde batetik, Hernaniko lurraldean garrantzi handia duen jarduera delako, belaunaldiz belaunaldi guregana iritsi da. Beste alde batetik, sinbolikoki sagarrak irudipen imajinario kolektiboan sortzen digun egoera lasaigarria eta osasuntsua delako”, erantsi du.

Kokapenari buruz, Hernaniko herriko sarrera bat aukeratu da kartela ipintzeko, “nahiz eta artelan bat izan, beti ere kartel baten bere eginbehar nagusia informatiboa baita”, argudiatu du artistak. Hortaz, “Txantxillako biribilgunearen alde batean jartzea erabaki da, non, bai kotxez bai oinez, hortik pasako den jendeak gozatu eta bere egiteko aukera izan dezan”.

Artelanaren izenburua Sustraiak da, Huegunen esanetan, “kartelaren inguruan sortzen den irudi metaforikoa delako, sagarrondoa denez, sustraiak, ikusten ez dugun elementu garrantzitsua izanik, bere tokia edo presentzia ematen dio”.